'Iparra galdu gabe' orientazio jolasa egingo dute asteburuan
Arditurri parketxeak antolatu du familian egiteko jarduera, eta larunbatean zein igandean izango da. Izena eman behar da aurrez.
Eguberrietako oporrak ate joka dira; deskantsu egunak datoz bizilagun askorentzat, eta, beraz, egunerokotasunean egiten ez dituzten planak egiteko aukera izango dute askok. Alabaina, horretarako ez da urrunera joan behar, paraje ikusgarriak baititugu inguruan.
Horren adibide da Aiako Harrian dagoen Arditurri parketxea. Ikasturtean zehar zenbait jarduera antolatzen dituzte, eta hurrengo hitzordua asteburu honetan izango da, larunbatean eta igandea, alegia. Iparra galdu gabe orientazio jolasa egingo dute bi egun horietan, eta familian egiteko jarduera paregabea dela aurreratu dute.
Ekintza hori egiteko Arditurri parketxetik abiatuko dira, eta partaideek zenbait froga aurkitu beharko dituzte bidearekin jarraitu ahal izateko.
Ekintza horretan izena emateko eta informazio gehiagorako 943 49 42 48 edota 688 89 50 68 zenbakietara deitu zein helbide honetara mezu elektroniko bat bidali behar da.
