Saltoki txikien memoria eta etorkizuna aktibatzeko, 'Loreak ehunduz, sareak sortuz'
Oarsoaldea garapen agentziak bultzatutako egitasmoa da 'Auzoaren arima' proiektuaren barruan. Arraskularre kalean tapa bat ehunduko dute.
Auzoaren arima proiektuaren barruan, Loturak ehunduz, sareak sortuz esku hartze artistikoko proiektu parte hartzailea abiatu dute. Oarsoaldea garapen agentziaren bidez sustatutako proiektua da, eta Oiartzungo Elizalde auzoko Arraskularre kalean egiten da eskualdeko beste herriekin batera.
Diotenez, proposamenarekin antzinako merkataritza gune hori hiriko ehungailu ireki bihurtuko dute, eta bertan herritarrek tapa bat ehunduko dute farmaziako barandan. Helburua, argia da: saltoki txikien memoria eta etorkizuna aktibatzea, artisautza tradizionala komunitate topaketarako eta espazio publikoa suspertzeko motor indartsua izan daitekeela erakutsiz.
Proiektua Miriam Unzueta artisauak bultzatu du, Neuk Artisau Diseinuak lankidetza gunearen kudeatzaileak, alegia. Artisauaren hitzetan, tapiz hori “metafora bizia” da, eta puntu eta korapilo bakoitzak pertsona batek bere auzoarekin duen lotura adierazten du. “Nire tailerraren esentzia kalera eramatea da lepokoetatik hasi eta eskumuturrekoetaraino. Haurrek eta helduek euren ideiak batzea eta materialak aukeratzea nahi dugu, Arraskularre izan zenaren eta izan daitekeenaren memoria aktibatuko duen pieza eder eta esanguratsu bat elkarrekin sortuz”.
Tapizaren sorkuntza prozesua irekia eta ikusgarria izango da, eta adin guztietako bizilagun oro gonbidatu dute bertara. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “elkarrekin ehuntzeko ekintzak auzoaren funtsa berreskuratzen du: zaintza, trukea eta eskulana. Espazio hori garrantzitsua dela eta bizirik dagoela esateko modu indartsua da, proiektu berriak iristeko eremuak prestatuz”.
Gauzak horrela, Oarsoaldea garapen agentziako kideek herritarrak gonbidatu dituzte hilaren 22an egingo duten tapizaren sorkuntza kolektiboan parte hartzera. Aurreratu dutenez, hitzordua merkataritza ordutegiarekin bat dator, eta bi helburu ditu: inguruko bezeroek sormen ekintza zuzenean ikustea, eta parte hartzera hurbiltzen direnek tokiko saltokiak ezagutzea eta bisitatzea.
