500 etxebizitza eraikitzeko lur sailak eskaini dizkio udalak Eusko Jaurlaritzari
Alokairuzko etxebizitza babestua eraikitzea funtsezkoa den uste osoa duelako egin duela udalak urratsa adierazi du Otaegik, "herrian bizi den etxebizitza larrialdiari erantzuteko".
Otaegi, Gartzia eta del Amo. Alokairuzko 500 etxebizitza babestu eraikitzeko lursailak eskaini dizkio Errenteriako Udalak Eusko Jaurlaritzari. Topoaren kotxetegietan 170-200 alokairuko etxebizitza babestu ETS Eusko Trenbide Sarearen erabilerarik gabeko kotxetegietan alokairuzko 200 etxebizitza babesturen sustapena bere gain hartzea eskaini zion Eusko Jaurlaritzak Errenteriako Udalari, eta gaur berriz, udalak etxebizitza kopuru hori bikoiztu baino gehiago egiteko aukera ematen dion lur lagapen proposamena luzatu dio.
Aizpea Otaegi alkateak, Eneko del Amo Hirigintza zinegotziak eta Maite Gartzia alkate ordeak agerraldia egin dute gaur eguerdian lagapenaren berri emateko. Positiboki baloratu du udalak Eusko Jaurlaritzak Errenteria-Oreretan alokairuko etxebizitza babestua eraikitzeko egindako apustua, eta eskatu dio bat egin dezala Errenteriako Udalak horretarako aurreikusi dituen lurrekin.
Eusko Jaurlaritzarekin asteazkenean izandako bileran udalak HAPO berrirako identifikatu dituen udal sail eraikigarrien eta etxebizitza dotazionalak eraikitzeko lursailen berri eman diola azaldu du alkateak, “lursail horietan, 432 alokairuzko etxebizitza publiko eraikitzeko aukera dago, eta horiek doan eta urbanizazio kargarik gabe jaurlaritzaren esku uzteko proposamena egin dio udalak, alokairuzko etxebizitza babestua eraiki dezan”. Alokairuzko etxebizitza babestua eraikitzea funtsezkoa den uste osoa duelako egin duela udalak urratsa adierazi du Otaegik, “herrian bizi den etxebizitza larrialdiari erantzuteko”.
Identifikatutako lur sail horien sailkapena ere egin du udalak gaurko agerraldian. Hala, Gamongoa —Pontika eta Txirrita Maleo artean— eta Perutxene-Sagastin—Agustinak auzoa eta Egiluze ikastetxearen artean— 54 eta 60 alokairuzko etxebizitza babestu eraikitzeko lursailak identifikatu ditu udalak, eta horrekin batera, dagoeneko eraikita dagoen hiri ingurunean ere zehaztu ditu udalak eraikitzeko aukera ematen duten lursailak: Erdigunean 116, Esnabiden 82, Gabierrotan 35, Agustinetan 25, eta Igantzin 62 etxe eraikitzeko aukera ematen dutenak.
Partzela horiek guztiak udalak Esnabiden eta Altzaten eskaini dituenei gehitzen zaizkiela azaldu du Otaegik; horietan 72 etxebizitza inguru eraikiko dira, 45 Altzaten eta 27 Esnabiden.
Epeei dagokionez kexu agertu dira udal ordezkariak. Titularretatik harago garrantzitsua dela iritzita proiektuak erritmo onean garatzea. “Ez da onargarria esaterako, duela hiru urte lagatu izana Esnabideko partzela, eta gaur gaurkoz oraindik Eusko Jaurlaritzak eraikuntza proiektua ere egin ez izana”, adierazi dute.
Proposatuetan, hiri garapen berriak, eta dagoeneko eraikita dagoen hirian eraikigarriak izan daitezken lur sailak identifikatzeko ariketa egin duela udalak zehaztu du alkateak, eta horren arrazoia azaldu, ez baita ausaz hartutako erabakia hori, hiri eredu trinko eta orekatua mantentzeko gakoa baizik: “Ulertzen dugu hiri garapen eredu eta estrategia orekatu bati erantzuten diola horrela egiteak. Dagoeneko existitzen den hiri ingurunea dentsifikatzea proposatzen da, eta baita ere etxebizitza mota ezberdinak eta errenta maila ezberdinak nahastea, hiri orekatuagoa eraikitzeko aukera ematen duelako horrek”.
HAPO berriari aipamena ere Otaegik, eta datuak: “Orotara 1.200 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten du HAPO berriak, horietatik 500 etxebizitza babestuak izatea jasotzen du. Gamongoa eta Perutxene-Sagastiko bi garapen berriak martxan jartzeko lanean ari gara”.
Orografia desegokia
Bestetik, Eusko Jaurlaritzak Gaztañoko kotxeren eremurako proposatu duen garapenaren inguruan, udal ordezkariek adierazi dute, udal teknikariekin batera, eremu horretan etxebizitzak eraikitzeko aukera aztertu zutela, eta emaitzak ikusita aukera hori baztertzea hobetsi zutela, etxebizitzak eraikitzeko ingurune egokia ez izategatik.
Horregatik, Bide Berria proposamenean jaso bezala, ingurune horretarako beste erabilera batzuk landu eta proposatu zituen Udalak. Hala nola, intermodalitatea sustatuko duen eta erdigunean trafiko arazoei irtenbidea ematen lagunduko dien 200 plazako aparkaleku disuasorioa eraikitzea eta Gaztañoren eta erdigunearen arteko lotura hobetuko luken kalitatezko espazio publiko berriak sortzea.
Hiru urterako etxebizitza plana
Errenteriako Udalak hiru urterako etxebizitza plana onartu zuela eremu tentsionatuaren izendapenaren testuinguruan gogorarazi du Otaegik: “Planean jasota dagoen bezala, etxebizitza larrialdiari erantzuteko erakundeen arteko gobernantza partekatua eta etxebizitza politiken lerrokatzea funtsezkoa da”. Testuinguru horretan, planari jarraipena egiteko elkartu ziren Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko ordezkariak pasa den asteazkenean. Horrez gain, gaur, udalean ordezkaritza duten alderdi guztiak ere elkartu dira planaren jarraipena egiteko Etxebizitza Mahaia deiturikoan.
Gobernu Taldearen arabera, udala modu egokian ari da garatzen etxebizitza plana eta dokumentuan urte honetarako jasotako 35 neurrietatik 29 gauzatu dituela dagoeneko azaldu du udal agintariak. Hala nola, etxebizitza turistiko berrientzako lizentziak etetea, gazteen emantzipaziorako etxebizitza etxebizitza komunitarioaren ordenantza berritzea, etxebizitzak birgaitzeko laguntzak zabaltzea edota alokairuko etxebizitza babestua eraikitzeko lursailak doan lagatzea Eusko Jaurlaritzari.
Horrela, agintaldiko lehen erdian 4.165.952 euro bideratu ditu Udalak etxebizitza eskuragarriago egiteko neurrietara. Besteak beste, 276.251 euro etxebizitzak birgaitzeko diru laguntzetara, 1.365.206 eusko jaurlaritzari urbanizazio-kargarik gabe eta doan lurzoruak lagatzera, 770.548 etxebizitza eskuragarriago egiteko pizgarri fiskaletara edota 1.398.303 herritar zaurgarrienei etxebizitzara sarbidea bermatzeko gizarte larrialdietarako laguntzetara.
