Ametsekin beteko dute zakua beste behin ere
Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak gonbidatuta, hilaren 23an helduko dira Olentzero eta Mari Domingi udalerrira, dozenaka eta dozenaka haurren ametsak egi bihurtzera.
Olentzero eta Mari DomingiXimun Leturia Lete Ate joka dira Gabonak, eta haien eskutik heldu dira urtero-urtero hutsik egin gabe Olentzero eta Mari Domingi. Haiei begira dira txikienak, urduri, gutunei azken ukituak ematen. Horren jakitun dira Haurren Olentzero eta Mari Domingiren batzordeko kideak. Hilaren 23an egingo dute jai handia, eta horren harira Mari Domingik eta ikazkinik entzutetsuenak helarazi dieten gutuna partekatu nahi izan dute herriko haur eta gurasoekin. Hainbat eskakizun luzatu dizkiete horren bidez Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearen aterkipean azken hilabeteak jo eta su lanean egin dituen batzordeari, eta azken horrek, herritarrekin partekatu.
«Elkarrizketa sortzen da haurren eta Mari Domingi eta Olentzeroren artean hilaren 23ko gutun emate ekitaldiaren bidez, baina aurten horren aurretik hainbat eskaera egin nahi izan dituzte biek», azaldu dute batzordeko kideek. Hori horrela, eskaera horiek aletu dituzte: «Jarrera egokia izan eta etxeko lanetan laguntzeko eskatu nahi diegu Errenteria-Oreretako haurrei, haien eta euren inguruko jendearen mesederako». Lagunartean eta ikaskideekin ere egoki jokatzeko deia egin diete halaber, eta parekidetasunez aritzeko neska-mutilak, jendarte berdinzaleago bat eraikitzeko bidea baitira.
Euskara ere erdi-erdian jarri dutela Mari Domingik eta Olentzerok jakinarazi du, bestalde, haien etorrera prestatzen duen lantaldeak, «erabili egin behar dugu euskara, ikasgelan, lagun artean, etxean… uneoro eta guztiekin». Kezka ere azaldu dute neurri batean antolatzaileek, jaiotze tasak nabarmen egin baitu behera azken urteetan.
Laguntzaile ugari elkarlanean
2002. urtean antolatu zuen lehenengoz Olentzero Lau Haizetarak, eta 2006aren bueltan, gogoeta prozesu baten ondotik, Mari Domingi gehitu zuten iniziatibara. «Hasiera-hasieratik izan du egiteko bera, parekatuta daude biak gurdian, oholtza gainean, gutunak hartzen… lan berak egiten dituzte», azaldu dute batzordeko ordezkariek. Parekidetasunaren alde egindako urrats «kontziente» eta «ezinbestekoa» izan zela adierazi dute.
Hasieran kosta egin zitzaien lekua hartzea, haurrak gerturatzea, eta gaur egungoak ez du aspalditik zerikusirik hasierako urteetako jaiarekin: «Haur, guraso, aiton-amon, izeba-osaba ugari biltzen dira oholtzaren bueltan hilaren 23an txikienen ilusioa eta ametsak egi bihurtzeko. Orain egia da jaiotze tasak behera egin duela eta nabaria dela, baina gurea errotutako jaia da, indar handia duena».
Erantzunarekin ase dira, pozik antolatzaileak, zer esanik ez Mari Domingi eta Olentzero. Biak ala biak zain izaten direla esan dute, oparirik ederrena duten herriko txikienen kontuak eta irribarreak jasotzeko, «zer esanik ez, euskaraz entzuten dituztenean». Aurten ere, dozenaka eta dozenaka izango dira Herriko Plazara segizioan iritsiko direnak; eguraldi txarra egingo balu, gutun emate ekitaldia Koldo Mitxelena ikastetxearen jolastoki estalian egingo dute, «B plana prest dugu».
Protagonista nagusiak Mari Domingi eta Olentzero dira, ez da horretan eztabaidarik; baina horien bueltan aritzen den laguntzaile andanari keinu egin diote batzordekideek: Herri Arte Eskolako musikari eta dantzariak, Xenpelar AEK euskaltegiko irakasle eta ikasleak, eta Errenteriako Udala; «ordainezina da egiten diguten ekarpena».
Gaztainerre jaia
Arratsaldez helduko dira Olentzero eta Mari Domingi Errenteria-Oreretara, Lau Haizetarak gonbidatuta hilaren 23an, asteartearekin. Harrera Madalenaren ermitan egingo diete, eta ondoren Erdialdeko kaleetan barrena ibiliko dira doinuan eta kantuan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, berritasunik bada aurtengo segizio horretan. Izan ere, trikimakuek ere bat egingo dute haurrei begirako jai handiarekin. Gutunak emateko aukera izango dute gero txikienek, eta hori bukatuta, berriz, Xenpelar AEK-k goxo prestatutako gaztaina erreak jateko beta izango da.
Errenteria-Oreretako ikastetxeetako 0-8 urte arteko haur guztiek jaso dituzte koloreztatu eta idazteko gutunak; asteartera arte dute horretarako aukera. Beste urte batez, magikoa izango da gutunak emateko unea, eta horrek asebetetzen dituela gehien aitortu dute antolatzaileek: «Inozentziak, ilusioak, maitasuna, pozak, urduritasunak, miresmena, ametsak… ikusiko ditugu Olentzero eta Mari Domingi agurtzera hurbilduko diren haurren aurpegietan. Eta horrek, ez du preziorik».
