Eragile eta elkarteen mapa osatuko du Udalak
Eragileek udalerri batean duten garrantziaz jabetuta, horien jarduna bilduko duen mapa bat osatuko du Pasaiako Udalak datozen hilabeteetan. Horretarako, galdetegi bat sortu dute.
Eragileek, elkarteek eta herritar sareek ezinbesteko ekarpena egiten diete udalerriei. Eragile horiek, gainera, arlo askotarikoak dira: kirola, berdintasuna, euskalgintza, kultura edota gastronomia. Pasaian eragile mordoa dago, lau barrutietan banatuta, eta bizitza ematen diote herriari. Zer izango litzateke Pasaia eragilerik gabe? Pasaiako Udala jakitun da eragileek berebiziko garrantzia dutela Pasaiaren eguneroko jardueran, eta eragileen eta elkartegintzaren inguruko mapa bat osatuko du datozen hilabeteetan, udalerriaren egoeraren egungo argazki bat izateko eta eragile horiek zein diren jakiteko. Proiektua dagoeneko martxan da, eta ildo nagusiak azaldu dituzte Laura Ré Parte-hartze zinegotziak eta Maitane Barrenetxea Parte-hartze teknikariak.
Udalak bere asmoak jendaurrera eraman zituen hilaren 11n, Trintxerpeko Alkateordetzan. Saio horretara Pasaiako 12 eragile bertaratu ziren. Alde batetik, Udalak eragile eta elkartegintzaren maparen iniziatiba aurkeztu zien herritarrei, dituen asmoak zein diren azaltzeko. Bestetik, Gipuzkoako Herritarren Partaidetza Zuzendaritzak eta Gipuzkoako lurraldeko herritarren parte-hartzea sustatzen duten elkarteek Elkarteen Foroa sortu zuten 2020an. Foro horretako ordezkariak Trintxerpen izan ziren, eta haiek sortutako Elkartiri, hustutako herri baten historia film laburra proiektatu zuten. Dokumental horrek elkartegintzaren balioa azpimarratzen duela jakinarazi du Barrenetxeak, eta herri bat haiek gabe nola izango litzatekeen irudikatzen duela. Egoera horren aurrean hausnartzeko aukera izan zutela baietsi du Parte-hartze teknikariak.
Eragileen eta elkartegintzaren mapa Pasaiako lau barrutietan dauden antolakunde, elkarte, mugimendu eta sare guztiak bildu eta ikusarazi nahi dituen tresna bat izango dela jakinarazi du Barrenetxeak. Elkarteen erregistroa 2000. urtetik existitzen dela adierazi du Rék. Erregistro hori, baina, zaharkituta zegoela ohartu zen Udala, eta eragileak identifikatzeko beharra ikusi zuten, herriko eta lau barrutietako argazki oso bat izateko. Udalarentzat funtsezkoa da herritarrek Pasaiako elkarteak zein diren jakitea; horregatik osatuko dute mapa, informazio hori guztia pasaitar guztien eskura jartzeko eta beren jarduera ezagutzeko. Elkarte horiek ikusarazteko «tresna baliagarriena» mapa osatzea dela zehaztu du Barrenetxeak.
Pasaia eragileek eraikitzen dutela ziur da Ré, eta mapa hau sortzea haiekiko aitortza moduko bat dela adierazi du udal hautetsiak, beren jarduna erdigunean jartzeko. «Aurkezpenean esan genuen: zer izango litzateke Pasaia eragilerik gabe? Astebetez haien jarduerak kenduko bagenitu, erokeria litzateke. Haiek gabe ez gara inor», baietsi du Rék. Trintxerpen bildu zirenek ideia horren bueltan hausnartu zutela kontatu du Barrenetxeak, eta den-denak konklusio berera iritsi ziren: «Herria eragilerik gabe tristea, aspergarria, arima eta identitaterik gabekoa izango litzateke. Jendeak ez luke elkar ezagutuko, eta ez genituzke gure historia, balioak edota tradizioak ezagutuko eta ez genuke horiek transmititzeko aukera izango. Komunitaterik gabeko herria litzateke».
Galdetegia
Etorkizunera begira, saretzea eta ehuntzea funtsezkoak direla adierazi dute udal ordezkariek, bidea elkarrekin egiteko. Mapa osatzea prozesuaren lehen urratsa izango da, eta Udalak 20 galderaz osatutako galdetegi bat ondu du, eragile guztiek erantzun dezaten. Galdetegiaren helburua eragile bakoitzaren oinarrizko informazioa jasotzea dela adierazi du Barrenetxeak. Galdetegi hori lau bloketan banatu dute, eta zazpi astez egongo da hori erantzuteko aukera.
Informazioa jaso ondoren, Udalak aurreikusi du sortutako mapa otsailean aurkeztea eta hurrengo urratsen berri ematea. Mapa sortzea da lehen pausoa, baina gehiago ematen jarraitu nahi du Pasaiako Udalak.
