Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzua, martxan
Herritar guztiei zuzenduta dago, eta bereziki jarduera fisiko gutxi egiten dutenei, kontuan hartuta jarduera fisikoa erregulartasunez egiteak hainbat onura dakartzala, eta eraginkorra dela hainbat gaixotasuni aurre egiteko.
Gaur aurkeztu dute programa.Herri Bizia Errenteriako Udalak Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzua jarri du martxan, herritar guztiei zuzendua, eta bereziki jarduera fisiko gutxi egiten dutenei, kontuan hartuta jarduera fisikoa erregulartasunez egiteak hainbat onura dakartzala, eta eraginkorra dela hainbat gaixotasuni aurre egiteko.
Aurkezpenean izan dira Leire Mazizior, Kirol zinegotzia; Isaac Palencia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapena eta Gazteria zuzendaria; Malen Ruiz de Azua, Mugiment proiektuko idazkaritza teknikoko kidea; Leire Juanbeltz, kirol orientatzailea; Ainhoa Padura, Iztietako anbulatorioko erizaina; eta Maialen Alkorta, Athlon Sozietate Kooperatibotik.
Zerbitzuaren helburua da eguneroko bizitzan jarduera fisikoaren ohiturak txertatzen laguntzea. Zenbait herritarrek beste batzuek baino errazagoa dute kirola edo ariketa fisikoa egitea: proiektu honek, bereziki, zailtasunak dituzten herritarrei lagundu nahi die. Horretarako, orientatzaile batek erabiltzaileari bere aukeretara, beharretara eta lehentasunetara ondoen egokitzen den jarduera fisikoko programa bat proposatuko dio, eta elkarrekin ezarritako helburuen betetze-mailaren jarraipena egingo dute.
Herrian zein eskualdean kirola egiteko dauden aukera guztien berri du orientatzaileak, Leire Juanbeltzek, eta horrek erraztuko du erabiltzaile bakoitzari ondoen datorkion kirola zein den esan ahal izatea.
Bestalde, Osasun Publikoko zerbitzuekin elkarlanean arituko da. Osasun etxeko profesionalei iruditzen bazaie herritar bati kirola edo jarduera fisikoa egitea komeni zaiola, horixe gomendatuko diote, eta orientatzailearengana bideratuko dute: kirol errezeta agiria beteko du, eta derrigor eraman beharko du pazienteak orientatzailearekin izango duen lehenengo kontsultara. Hark, pazientearen bizi-ohiturak kontuan izanda, zein ariketa eta zein maiztasunekin egin ditzakeen aholkatu eta jarraibide batzuk jarriko dizkio, eta jarraipena egingo du.
Ondokoak dira zerbitzu berriaren zeregin nagusiak: Jarduera fisikorik egiten ez duten edo gutxi egiten duten pertsonak identifikatzea. Zerbitzura joaten diren pertsonen jarduera fisikoaren maila ebaluatzea, haien ohiturak zehaztuz (elikadura, lan-bizitza, gizarte-bizitza, jarduera fisikoaren historia…); Jarduera fisikoaren onurei buruzko informazioa ematea, bai eta zerbitzuaren funtzionamenduari eta helburuari buruzkoa ere, eta jarduera fisikoak ekar ditzakeen onura pertsonalei buruzkoa ere bai; Jarduera bakoitza zerbitzuko zein erabiltzaileri komeni zaion argi eta garbi identifikatzea, bakoitzaren ezaugarriak, egoera sozialak eta gustu pertsonalak kontuan hartuta; Jarduera fisikoa egiten ez dutenei edo behar bezala egiten ez dutenei jarduera fisikoa egiteko aholkuak ematea.
Aholkularitza eskatzen duten pertsonei programa zehatzak eskainiko zaizkie, adibidez, jarduera fisikoari buruzko fitxa pertsonalizatu baten bidez. Programa horietan zehaztuko dira egin beharreko ekintzak eta zereginak, maiztasuna, iraupena eta intentsitatea, jarduera osagarriak eta komenigarriak diren ohar guztiak.
Herritarrentzako doako zerbitzua, aldez aurretiko hitzorduarekin
Hitzordua eska daiteke 670 107 455 telefonoan edo emailean.
Galtzarabordako kiroldegian, goiko sarreratik sartu eta eskuinaldean du bulegoa orientatzaileak.
Behin-behinean, zerbitzua ordutegi honetan emango da: Astelehena: 9:00etatik 13:00etara; Asteartea: 9:00etatik 11:00etara; Osteguna: 9:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik 16:00etara; eta ostirala: 9:00etatik 13:00etara.
Halaber, asteko egun batzuetan Beraungo eta Iztietako anbulatorioetan emango du zerbitzua orientatzaileak, osasun-zentroetatik bideratutako pertsonentzat.
Zerbitzuaren esleipena Athlon Sozietate Kooperatiboari egokitu zaio. Honek 34 urteko ibilbidea du osasunaren, jarduera fisikoaren eta kirolaren hainbat alderditan lan egiten, eta adin guztietako jendearekin (ikasleak, gazteak eta adinekoak) elkarreraginean aritzen da.
Errenteriako Udalak 65.340 euro bideratuko ditu lehen bi urteetan zerbitzu honetara. 2025eko Plan Estrategikoak bere estrategien artean, “herritarren artean bizi-ohitura osasungarriak sustatzea eta bultzatzea” ezartzen du. Estrategia hori, besteak beste, jarduera fisikoa sustatzeko kanpainetan gauzatzen da.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Mugiment proiektua hartu da kontuan, non EAEko jarduera fisikoaren oinarriak finkatzen diren, eta Errenteriako Udalak 2017ko ekainean onartutako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Plan Integrala, zeinak bizitza aktiboa sustatzeko esku-hartzeak ezartzen dituen bere helburu estrategikoen artean.
