Sorrerako ilusioa energia bilakatzeko bidean
Kunkanak azaldu du Pasaia-Lezo Lizeoko instalazio fotovoltaikoa jada ezarri dutela. Horren gaineko informazioa emateko topagunea antolatu du hilaren 30erako.
Kunkanak postua jarri zuen igandeko San Tomas festan.Ager Arrieta Iratzerrik bide luzea egin ondoren, urriaren 8an aurkeztu zuten Kunkana Lezoko Energia Berriztagarrien Komunitatea. Orduko hartan iragarri zuten herrian eta herriarentzat energia berriztagarri eta garbia sortzeko proiektu bat jada aurreratua zutela, hau da, Pasaia-Lezo Lizeoaren herriko ikastolan 90 panel fotovoltaikoko egitura jarriko zutela, 40 kilowatteko potentziakoa. Instalazio hori egina dago. Orain, horren gaineko informazioa eman nahi du Kunkanak.
«Lizeoko proiektuak interesa piztu du. Jendeak galdera asko egin dizkigu», azaldu du Kunkanako Ekaitz Bravok. Interesdun horiengana gerturatzeko, eta kooperatibaren berri sakonago azaltzeko informazio-hitzaldi formatuko topagunea antolatu dute hilaren 30erako (asteartea) 18:30ean Kultura Aretoan. «Gure aurkezpenaren ondoren batik bat jendeak ezagutu du zertan ari garen. Horiei informazio zehatza emateko gunea izango da». Bravok azaldu du igandeko San Tomas festan euren postura informazio eske joan zirenak asko izan zirela. 41 bazkide ditu jada Kunkanak, eta Lizeoko energia iturriaren erabiltzaile izateko 37 lagunek azaldu dute interesa.
Ikastolako instalazioari dagokionez, lehenik eta behin elektrizitate sarerako konexioa egitekoak dira. Hezkuntza zentroan etena dagoenean egingo dute hori. Paraleloan, Iberdrolari ustiapen baimen eskaera kudeatzen ari dira. «Lan handia izan da egitasmo hau garatzea. Komunitatea sortu eta denbora labur batean lehen proiektua gauzatu dugu. Urrats gehiago egingo ditugu, tartean, Lezoko Udalarekin elkarlanean garatu daitezkeenak».
2026an, energia kontsumo eta sortze arduratsuan sakontzeaz gainera, gizarte balioak oinarri izango dituzten formazio eta egitasmoak garatzen jarraituko du Kunkanak.
