84.000 euro Herrera eta Trintxerpe arteko pasabidea mantentzeko
Aldundiak Pasaiako Udalari eman dio laguntza hori, eta Herrera eta Trintxerpe lotzen dituen oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabidean mantentze eta kontserbazio lanak egingo dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 84.000 euro emango dizkio Pasaiako Udalari Herrera eta Trintxerpe lotzen dituen oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabidean mantentze eta kontserbazio lanak egiteko. Zehazki, kontserbazio, konponketa, argiteria, garbiketa edota lorezaintza jarduketak egingo ditu foru erakundeak.
Azahara Dominguez diputatuak jakinarazi du bere departamentuak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuela 2021ean Pasaiako Portu Agintaritzarekin eta Pasaiako Udalarekin, portuko zerbitzuguneko portu hiri interakziora bideratutako eremuak mantentzeko. Hitzarmen horrek lau urteko indarraldia zuen, eta beste urtebete luzatuko dute inplikatuta dauden hiru administrazioek.
“Herrera eta Trintxerpe arteko oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabidea pasaitarren erabilpen eta gozamenerako berreskuratutako portu espazioen adibide ona da; horregatik, garrantzitsua da pasabide hori baldintza onenetan kontserbatzea, inguruko bizilagunek 340 metro luzeko pasealeku horrez eta horren inguruan eraiki den lorategi eremuaz goza dezaten”, adierazi du Dominguezek.
Diputatuaren esanetan, pasabide horren eraikuntzak 20.400 metro koadroko “espazio degradatua” berreskuratzeko aukera eman zion Pasaiari, eta gaur egun “urbanizatuta eta pertsona guztien gozamenerako” prestatua dago eremu hori. “Pasabide honi esker, Trintxerpeko konektibitatea hobetzeaz gain, herritarren artean mugikortasun aktiboa sustatu da, paseatzeko zein bizikletan ibiltzeko espazio eroso, seguru eta atsegin batekin, eta, horrela, bizi ohitura osasungarriagoak lortzen lagundu da”, baietsi du Dominguezek.
Pasaia eta inguruak berroneratzeko konpromisoa “bere horretan” jarraitzen duela zehaztu du diputatuak, eta legegintzaldi honetan Pasaiako Udalarekin portuko espazioak mantentzeko hitzarmenetan bere departamentuak 1,2 milioi euro gaitu dituela gaineratu du. Horrez gain, azken urteetan beste 6,8 milioi euro inbertitu dira Pasaiako hiri berroneratzeko proiektuetan, eta 2026ko foru aurrekontuak Pasaiarentzat 7,9 milioi euro aurreikusi dituela zehaztu du Dominguezek.
“Pasaian akordio instituzionalak bultzatzen jarraituko dugu, herritarrentzat berreskuratzeko portu espazioak duintzeko, eskualdeko bizilagunek horiez gozatzeko aukera izan dezaten; izan ere, Pasaian inbertitzea haien berroneratze urbanistikoan eta ekonomia, kultura eta gizartea suspertzean inbertitzea da, eta horrek guztiak zuzenean eragiten du eskualdeko biztanleen bizi kalitatearen hobekuntzan”, nabarmendu du diputatuak.
