Erregeen kabalgatak lau barrutietara iritsiko dira
Astelehenean (hilaren 5ean) erregeen kabalgatak egingo dira Pasaian. Desfileek trafiko aldaketak eragingo dituzte lau barrutietan.
Astelehenean (hilaren 5ean) erregeen kabalgatak egingo dira Pasaiako lau barrutietan. Kabalgatek trafiko aldaketak eragingo dituzte Pasaian, eta Udaltzaingoak horien berri eman du.
Antxoko kabalgata 18:30ean hasiko da Lore Txorta elkartetik, eta honako ibilbidea osatuko du: Blas de Lezo, Eskalantegi, Kupeldegi eta Kultur Etxea. Bertan haurren eskutitzak jasoko dituzte erregeek.
Eguraldi ona egiten badu, Donibaneko desfilea 17:00etan aterako da Nabalaldetik, eta honako ibilbidea osatuko du: Nabalaldea, Meipiko biribilgunea, frontoia, Bordalaborda, San Roke, San Juan XXIII, frontoia, Donibane kalea, Bonantzako arkua eta Santiago plaza. Eguraldi txarrarekin, Nabalaldetik, Meipitik, Bizkaia plazatik eta Santiago plazatik pasako litzateke kabalgata. Erregeei ongietorria emateko, Donibane kalea itxita egongo da, eta Santiago plaza ibilgailurik gabe utzi beharko da. Autobus zerbitzuari dagokionez, 17:30etik 18:30era bitartean bertan behera geratuko da zerbitzua San Roke 1-3ko eta San Juan XXIII 1eko geltokietan. Autobusa soilik Meipiko biribilgunera iritsiko da.
San Pedroko kabalgata 18:30ean hasiko da Pabloenea kaletik, eta honako ibilbidea osatuko du: Pabloenea kalea, Farolako bidea, Urrestarazu anaien kalea, Ricardo Arrillaga kalea, Daniel de Castelao kalea, Frontoiko zumardia aldapa, Tirri-Tarren plaza, Markina Ingeniariaren kalea, Esnabide kalea, Markina Ingeniariaren kalea, Arraunlari kalea, San Pedro kalea eta San Pedro parrokia. Autobus zerbitzuari dagokionez, 19:00etatik 20:00etara bitartean ez da zerbitzurik egongo San Pedro eta Trintxerpe artean. Azken autobusa, hortaz, 18:55ean irtengo da San Pedrotik Trintxepera. 20:00etatik aurrera zerbitzua berrezarriko da.
Azkenik, erregeak 16:45ean iritsiko dira Trintxerpeko pantalanera. Bertatik alkateordetzara joango dira, Euskadi etorbidetik. 18:30ak arte eskutitzak jasoko dituzte alkateordetzan. Desfilea 19:00etan hasiko da, Gudari plazatik. 20:45ean, aldiz, kamioneta bat aterako da bigarren ibilbide azkar eta zabalago bat egitera. Euskadi etorbidea itxita egongo da 17:00etatik 22:00etara bitartean. Autobus zerbitzuari dagokionez, 19:00etatik 20:00etara bitartean ez da zerbitzurik egongo San Pedro eta Trintxerpe artean. Azken autobusa, beraz, 18:55ean irtengo da San Pedrotik Trintxepera. 20:00etatik aurrera zerbitzua berrezarriko da. Azkuene kaletik orduero ateratzen den Dbusen autobus txikiak ez du zerbitzurik emango 19:30ean. Aurrekoa eta ondorengoa bere horretan mantenduko dira.
