Errenteria eta Oiartzungo udalen proposamena aintzat hartu du Osakidetzak
Lartzabalen lehen arretako osasun zentro bat jartzeko proposamen bateratua egin dute bi udalek.
Lartzabalgo anbulatorioa Oiartzun eta Errenteriako alkateak Oiartzungo eta Errenteriako udalek proposamen bateratua aurkeztu diote Osakidetzari, bi udalerrien arteko mugan den Lartzabal auzoan lehen arretarako osasun zentro berri bat martxan jartzeko. Horretarako, egun bertan den bigarren mailako arretako anbulatorioa aprobetxatzea proposatu dute, horretarako beharrezkoak diren eraldatze lanak eginda.
Lehen arretako bi zentro ditu gaur egun Errenteria-Oreretak: Iztietakoa eta Beraungoa. Iztietakoa gainera, EAG Etengabeko Arreta Gunea da Oarsoaldea osorako.
Oiartzunek osasun zentro bakarra du, herrigunean kokatuta, eta larrialdietako erreferentzia nagusia Errenteria-Oreretako Iztietakoa da.
Bi udalerriek elkarrekin 50.000 biztanletik gora dituzte, eta Oarsoaldeak, Pasaia eta Lezorekin batera, ia 72.000 biztanle biltzen ditu. Udalen esanetan, lehen arretako osasun egiturek gero eta “presio handiagoa” dute, “bereziki Errenteriako Iztietako osasun zentroak, espazio arazo nabarmenak baititu, bai kontsultetan bai itxarongeletan”. Berez zaila den egoerak, okerrera egingo duela, zailduko dela, aurreikusi dute bi udalek, gainera, datozen urteetan, “bi udalerrietan aurreikusitako hiri garapenarekin eta biztanleriaren hazkundearekin”. Testuinguru horretan aipatu dute Altzate auzo berria eraiki izana, eta gehitu, datozen 10-15 urteetan 1.200 etxebizitza berri eraikitzeko aurreikuspena. Oiartzunen ere izango da hazkunde hori, datozen 4-8 urteetan 700 etxebizitza inguru eraiki, eta 2035erako 12.300 biztanle izatea iristea espero dutelako. Eper labur ertainean bi udalerrien artean 3.000 biztanle inguruko hazkundea espero dutela zehaztu dute bi udalek.
Hori horrela, “erabat justifikatua” dela uste dute alkateek Lartzabalen lehen arretako osasun zentro berri bat zabaltzea, “kokapenak bi udalerrien beharrak batera asetzeko aukera ematen du, eta gainerako osasun zentroekiko banaketa geografiko orekatuagoa ahalbidetuko du. Horrez gain, egungo Lartzabalgo anbulatorioak handitzeko aukerak eskaintzen ditu, bai zabaleran, bai altueran”.
11.500 biztanleri arreta
Proposamena lantzearekin batera, kalkuluak ere egin dituzte bi udalek. Hori horrela, zehaztu dute, Lartzabalgo osasun zentro berria 11.500 biztanleri egingo liekeela arta. Horrek Iztietako anbulatorioaren gainkarga arintzea ekarriko lukeen uste osoa dute bi udalek, 4.000 paziente inguru gutxiagorekin. Errenteria-Oreretaren kasuan zehazki, Agustinak, Gabierrota, Lartzabal, Fanderia eta Zamalbide auzoetako herritarrei emango lieke arreta; Oiartzungoen kasuan, Arragua eta Ugaldetxoko bizilagunek izango lukete osasun arreta anbulatorio berrian. Biztabnle banaketa orientagarria dela esan dute bi udalek, eta prest azaldu dira Osakidetzarekin batera beste aukera batzuk aztertzera. Helburu argia dute, “Oarsoaldeko herritarrei kalitatezko osasun arreta bermatzea, etorkizuneko beharrei aurrea hartuta”.
Zenbait hilabete dira bi udalek Osakidetzari proposamena egin ziotela, eta bigarren horrek aintzat hartu du, “harrera ona izan du proposamenak, eta dagoeneko Osakidetzako teknikartiek bisita egin ahal izan dute udal teknikariekin batera proposamenaren bideragarritasuna aztertzeko”, azaldu dute Aizpea Otaegi eta Joana Mendiburu Errenteria eta Oiartzungo alkateek, hurrenez hurren.
Gainera joa den abenduaren erdialdean aurkeztu zuen Osakidetzak datozen sei urteetarako azpiegituretan egin asmo dituen inbertsioen plangintza. agiri horretan dagoeneko ageri da Errenteria-Oreretan esku hartzeko proposamena, gaur gaurkoz oraindik kokapen zehatza zehaztu ez badu ere. Testuinguru horretan Lartzabalgo Lehen Arretako zentroa martxan jartzeko aukera dagoela nabarmendu dute bi alkateek.
