Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketan, itxaron zerrenda
Urtero moduan, berehala agortu dira otsailaren 22an egingo den mendiko lasterketarako dortsalak. Itxaron zerrenda aktibatu dute.
Iazko lasterketan, hainbat lezoar helmugaratzen. Betiko moduan, berehalako batean agortu egin dira Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketarako salgai jarritako 350 dortsalak. Urtarrilaren 1eko lehen minututik izan ziren eskuragarri probaren 12 ekitaldiko plazak, eta ordu gutxian bukatu ziren. Itxaron zerrenda aktibatua dago orain. Otsailaren 22an izango da aurtengo lasterketa.
Lasterketaren egunaren aurretik, ordea, antolatzaileek hainbat hitzordu prestatu dituzte. Esaterako, hilaren 18an (igandea) 14 kilometroko ibilbidea ezagutzeko topaketa egingo dute, 09:30ean. Dortsala dutenak nahiz ez dutenak joan daitezke topaketara, Gurutze Santuaren plazatik abiatuko dena. Hurrengo egunean, hilaren 19an, solasaldia izango da 19:00etan Gezala Auditoriumean.
