Uda arte goxoago bizitzeko, kultura asko Lezon
Lezoko Udalak ekainera bitarteko kultur egitarauaren berri eman du. Orotara 54 ekitaldi izango dira herrian.
Aitzol Saizar zinegotzia eta Ainhoa Salaberria teknikaria, kultur programazioaren berri emateko agerraldian. Urteko lehen erdian herrian Lezoko Udalak antolatu dituen kultur ekitaldien berri eman dute Aitzol Saizar Kultura zinegotziak eta Ainhoa Salaberria Kultura teknikariak. 2026eko lehen maldak goxoago egiteko 54 ekitaldi antolatu direla jakinarazi dute, haien izaera askotarikoa izango delarik. Gezala Auditoriumean izango dira jarduera gehientsuenak, baina Andreone Udal Liburutegiak, Tomas Garbizu Musika Eskolak eta herriko kaleek ere jasoko dituzte egitarau zabal horren barruko emanaldiak. Gehienak euskaraz direla zehaztu dute udal kultur arduradunek, eta gainera, herriko eragileen ekarpena handia izango dela. Horiek guztiak udalaren webgunean ikus daitezke, baita postontzi guztietara helduko den eskuorrian ere.
Gezalako ohiko arte eszeniko ekitaldiak ez dira faltako urteko lehen erdian. Ezta Andreoneko literatura taldeen bilkurak nahiz ipuin kontaketa saioak ere. Lezoko Zinema Ttikiak hilabetero emanaldi bikoitza izango du aldi berean. Otsaila eta martxoa bitartean Lesoinuren barruko musika emanaldi sorta ederrak hartuko du herria.
Hurbilera begira, eta urtarrilean fokua jarrita, nabarmentzekoa da asteleheneko (hilaren 5eko) Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoen emanaldia (12:00etan, Bekoerrotan). Bestalde, otsailaren 22an izango da aurtengo Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketa, eta horri lotutako hitzaldia egingo dute Gezalan hilaren 19an (19:00), Usoa Ostolaza, Jokin Lizeaga eta Martxel Bereau goi mailako kirolariekin.
Urrunera ikusteko betaurrekoak jarrita, Lezoko kultur eszenan ezinbesteko hitzordua ekainaren 13 eta 14rako: Orratx! Antzerki Taldeak Gaueko hitzak lana estreinatuko du Gezalan bi egun horietan, udari harrera egiteko.
