Jesusen Bihotza egoitzako senideek protesta egin dute aldundi aurrean
Erabiltzaileen senideek eta zenbait egoiliarrek protesta egin dute eta babesa adierazi greba mugagabean diren langileei.
Senide eta zenbait egoiliarren protesta aldundiaren aurrean.Jesusen Bihotza egoitzako senideak Errenteria-Oreretako Jesusen Bihotza zaharren egoitzako erabiltzaileen senideak eta zenbait egoiliarrak protesta egin zuten pasa den abenduaren 30ean Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean. Protestaren bidez elkartasuna eta babesa adierazi zieten 50 egun greban bete duten langileei, baita kezka adierazi ere haien senideek bizi duten egoerarengatik eta dagokien erakunde arduradunei berehalako konponbidea aurkitzeko eskatu. Eskutitza ere helarazi zieten protestaren testuinguruan Eider Mendoza Diputatu Nagusiari eta Maite Peña, Zaintza eta Politika Sozialen diputatuari.
Gutun horretan erresidentzian dituzten gabeziak —higiene pertsonal desegokia, medikazioaren kudeaketa txarra, giza baliabide eskasak…—grebarekin areagotu direla eta egoera jasanezin bihurtu adierazi diete senide eta egoiliarrek.
Egoiliarren senideek adierazi dute gizartearentzat oro har, osasuna eta hezkuntza erakunde publikoek bermatu beharreko eskubidea dela, baina oso ezberdina dela errealitatea adineko senideen zaintzaz hitz egiterakoan: “Gure zaharrek, bizitza osoan zehar lan egin, kotizatu eta gizartearen ongizatean lagundu dute. Euren kabuz, bakarrik bizitzeko gai ez direnean, eta egoitza batera jotzen dutenean, haien baliabide ekonomikoak eta kudeaketa aldundiaren esku geratzen dira, hilabetero kuota altuak jarriz ondasunak agortu arte”.
Arazoa adineko pertsonen zaintza enpresa pribatuen esku uzten denean sortzen dela salatu dute, “izan ere, enpresa probatu horien helburua onura ekonomikoa baita, eta horrek guztiak zaintzaren kalitatean eta langileen lan baldintzetan eragin zuzena izaten du”.
Errenteria-Oreretako Jesusen Bihotza egoitzako langileek 50 egunetik gora bete dituzte greba mugagabean, “eta ez dago argi noiz arte iraungo duen protestak” gaineratu dute senideek. Kontuan hartzekoa da langile horien egoera, izan ere, lan baldintzek eraman dituzte protesta mugagabea hastera. Azaldu dutenez, 2018az geroztik lan hitzarmena berritu gabe dute, “dituzten baldintzen ondorioz, egoiliarrek jasotzen duten arreta ez da ez duina ezta kalitatezkoa ere”.
Akituta, hala daudela gaineratu dute senideek, eta horren arrazoiak xehe aletu, gainera: “Zaintza okerrera doa, kexak gero eta gehiago dira, eta ez dago benetako erantzunik, gainera. Bizitzako etapa honetan, gure zaharrek, errespetua, eta zaintza egoki eta duina merezi dute”.
Eskaera zehatza egin diete horrenbestez erakunde eskudun eta aldundiari: baliabideen kudeaketa arduratsu eta gardena; lan baldintza duinak langileentzat; eta adineko pertsonak erdigunean jarriko dituen kalitatezko arreta.
Mezu argia, bukatzeko: “Bizitza osoan zehar guztia eman dutenen zaintza ezin du negozioa izan. Giza ardura eta morala da, eta zaintza duina exijitzen dugu gure adineko pertsonentzat”.
