Topoko kotxetegietan babestutako etxebizitzak eraikitzeko proiektua "ezegokitzat" jo du auzo elkarteak
Bizilagunak kontuan hartu gabe garatutako proiektua dela salatu du Gaztañoko auzo elkarteak.
Gaztañoko auzo lokala Joan den abenduaren 17an Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailak topoko kotxetegietan alokairuzko 170-200 etxebizitza babestu eraikitzeko proiektuaren berri eman zuen prentsa ohar bidez. Bi egun geroago, alokairuzko 500 etxebizitza babestu eraikitzeko lursailak eskaini zizkion Errenteriako Udalak Eusko Jaurlaritzari lur lagapen proposamena eginda. Eusko Jaurlaritzak Gaztañoko kotxeren eremurako proposatu duen garapenaren inguruan, udal ordezkariek adierazi zuten, udal teknikariekin batera, eremu horretan etxebizitzak eraikitzeko aukera aztertu zutela, eta emaitzak ikusita aukera hori baztertzea hobetsi zutela, etxebizitzak eraikitzeko ingurune egokia ez izategatik.
Horregatik, Bide Berria proposamenean jaso bezala, ingurune horretarako beste erabilera batzuk landu eta proposatu zituen Udalak. Hala nola, intermodalitatea sustatuko duen eta erdigunean trafiko arazoei irtenbidea ematen lagunduko dien 200 plazako aparkaleku disuasorioa eraikitzea eta Gaztañoren eta erdigunearen arteko lotura hobetuko luken kalitatezko espazio publiko berriak sortzea.
Babestutako etxebizitzaren beharraren jakitun azaldu da Gaztañoko auzo elkartea ere, baina udalak bezala, horrek ere ez du egokia ikusten kotxetegien aukera horien eraikuntzarako. abendu bukaeran zabaldutako ohar bidez gogor salatu zuen gainera elkarte horrek Eusko Jaurlaritzak proiektua bizilagunak inondik inora ere kontuan hartu gabe egin duela proiektua. Kexu ere proiektua zabaltzeko Jaurlaritzak erabili duen moduagatik, “prentsa argitalpen bidez egin du eta erabat desegokia iruditzen zaigu. Ez Eusko Jaurlaritza ez herriko PSE-EE ere ez dira inongo momentuan auzo elkartearekin harremanetan jarri”.
Gauzak “beste modu batera egiteko” garaia dela esan du, horrenbestez, auzo elkarteak, “herritarrak kontuan hartuz, eta ez tokiko errealitatea ezagutu gabe operazio erraldoiak inposatuz. Proiektua aurkezteko etxebizitza sailak egin duen bideoan agerian gelditu da ez duela ezagutzen eremua, Gaztaño auzoa Pablo Iglesias hiribidean kokatu baitu”.
Auzoarekin lotutakoak batzarretan eztabaidatu eta erabakitzen dituztela ere zehaztu du Gaztañoko auzo elkarteak eta kotxeretakoa behin baino gehiagotan landu dutela zehaztu du, “eremu horren eraldaketa iristean, herritarren aisiarako berreskuratzearen aldeko apustua egin da beti. Babestutako etxeak egitearen alde gaude, baina adosturiko eremu egokietan”.
