Igandean hasiko da Orion Gipuzkoako Batel Liga
Oarsoaldeko 28 ontzi ariko dira Gipuzkoako Batel Ligako lehen jardunaldian, igandean, Orion.
Iaz Errenteria-Oreretan jokatutako estropadaren irudi bat.Ane Mendizabal Sarriegi Igandean —hilak 11— abiatuko dute Gipuzkoako Batel Liga, eta martxoaren 29ra arte sari nagusia irabazten saiatuko dira estropadaz estropada parte hartuko duten klubetako ordezkariek. Orion izango da ligaren lehen estropada hori, 09:00etan hasita. Denera Gipuzkoako hamar klubetako 72 batel ariko dira sasoiko lehen jardunaldi horretan, erdia baino gehiago izango dira emakumeak —45 ontzi—, eta Oarsoaldeak 28 ontzi izango ditu. Etxekoetan ere, emakumeen ontziak izango dira nagusi, hemezortzi denera.
Errenteria-Oreretako Hibaika Arraun Elkarteak 12 ontzi ariko dira lehian. Emakumeetan Gazte Mailako hiru ontzi eramango ditu Orioko estropadara, eta haur zein promesetako bina; Mutiletan berriz, Absolutu, Gazte eta Haur Mailako batel bana, eta promesetan bi izango ditu uretan.
San Juan Koxtapek 11 ontzi aterako ditu lehiara, sei emakumeetan eta bost gizonetan. Absolutu emakumeetan bi ontzi; mutil gazteen hiru ontzi eta emakumeen bat; promesa nesken bi ontzi eta mutilen bat; eta Haur Kategorian, neska eta mutilen bana.
Sanpedrotarrak, berriz, bost ontzi uretaratuko ditu igandeko jardunaldian bi gizonenak, bi emakumeenak eta misto bat. Gazteetan mutil eta nesken bana, haurretan mutil eta nesken bana, eta haur mailako misto bat.
Oarsoaldeko ontziek lan bikaina egin zuten iazko Gipuzkoako Batel Ligan; San Juanek neska promesetan eta mutil gazteetan urrea irabazi zuen, eta San Pedrok mutil promesetan. Hibaikak emakume absolutuetan zein gazteetan urrea, mutil kadeteetan brontzea, eta promesa nesketan federakuntza kopa irabazi zituen. Hura berdindu eta aukeran hobetzera datoz aurten. Orion egingo dute lehen erakustaldia, baita neurria hartu lehiakide guztiei ere etzidamu 09:00etan hasiko den jardunaldian.
Ligaren bigarren estropada Oarsoaldean egingo dute, Pasaiako badian hain zuzen ere. Hilaren 18an izango da, igandearekin, Pasai Donibanen 10:30ean hasita. Hirugarren jardunaldia berriz, Trintxerpek antolatuko du, hilaren 24an (larunbata).
