24. Korrika, martxoaren 24 eta 25ean Oarsoaldean
Oiartzunera martxoaren 24ko goizaldean iritsiko da, eta Lezo, Pasaia nahiz Errenteria-Oreretara 25eko goizean.
Oiartzuarrek hartuko dituzte 24. Korrikaren lehen lekukoak Oarsoaldean. 24. Korrikaren ibilbide zehatzaren berri eman du gaur AEK-k. Jakina zen martxoaren 19an hasiko dela Atharratzen (Zuberoa) eta Bilbon egingo dituela azken metroak martxoaren 29an. Orain, herriz herri zein ibilbide izango duen jakinarazi dute. Oarsoaldean bi egunetan izango da 24. Korrika: martxoaren 24ko goizaldean Oiartzun zeharkatuko du, eta martxoaren 25eko goizean Lezo, Pasaia eta Errenteria-Orereta.
Martxoaren 24ko goizaldeko 02:28an da iristekoa 24. Korrika Oiartzunera. Astigarraga aldetik sartuko da AEKren sostengurako eta euskararen bultzadarako martxa erraldoia herrira. Herria zeharkatu, eta Irun alderako bidea hartuko du, Gurutzetik. Bidasoko hiriko lehen lekukoa 03:44an hartuko dute. Irundik Nafarroa alderako bidea, Beratik, egingo du Korrikak.
Martxoaren 25ean iritsiko da Oarsoaldeko gainontzeko herrietara 24. Korrika. Hala, Gipuzkoara berriz ere Hendaiatik Irunera sartuko da (04:57), eta Hondarribia (05:17) pasa ondoren, Lezorako bidea hartuko du. Lezoarren lehen lekukoa martxoaren 25eko 06:39rako aurreikusi dute, Gaintxurizketan. Unibertsitatea zeharkatu eta Donibane aldera iritsiko da 24. Korrika, 07:22etan. 07:30ean badia motoraz zeharkatuko du lekukoak, eta sanpedrotarrek egingo diote harrera martxari. Handik Trintxerpera joango da, eta Kontadores-Herrera-Buenavista bidea egin ondoren, 08:25 inguruan Antxoko kaleak laztanduko ditu.
Pasaiako barrutitik Errenteria-Oreretarantz joango da, 08:35 ingururako prest izan beharko dute oreretarrek lehen lekukoa hartzeko. Herriari bira eman, eta Donostiarako bidea hartuko du 24. Korrikak, Antxotik berriz ere pasata.
Jarraian dagoen irudian, 24. Korrikaren ibilbide zehatza.

