Hitzordu bikoitzarekin hasiko du urtea Urdaburuk
Hilaren 17an Oarsoaldeko Biraren lehen etapa egingo dute. Hilaren 31n eta otsailaren 1ean, aldiz, Martxa Beret lasterketara joango dira.
Aurreko urte bateko iraupen eski ikastaroko artxiboko irudi bat. Argazkia: Urdaburu Mendizale elkartea Urdaburu Mendizale Elkarteak indartsu hasi du urtea. Hilaren 17an Oarsoaldeko Biraren lehen etapa egingo dute. Bira horrek zazpi irteera izango ditu, eta mendizaleak Errenteria-Oreretatik, Lezotik, Oiartzundik eta Pasaiatik ibiliko dira. Lehen etapa, hilaren 17koa, Errenteria-Oreretan hasiko da, eta Antxo, Trintxerpe, Mendiola eta Almirantearen Gotorlekua, San Pedro, Donibane eta Mitxintxolatik pasa ondoren, Jaizkibelgo errepidean bukatuko dute ibilbidea, kantinaren ondoan. Ibilbideak lau ordu eta erdiko iraupena izatea aurreikusi dute mendizaleek. Lehen irteeraren xehetasunak Urdabururen webgunean kontsulta daitezke.
Mendizaleak Errenteria-Oreretatik irtengo dira, oinez. Parte hartzaileak Urdabururen egoitzan bilduko dira, 07:15ean, eta ordezko arropa edota janaria utzi ahal izango dute bertan. Nahi duenak egoitzan bertan bazkaldu ahal izango duela aurreratu dute sustatzaileek. Mendizaleak 07:30ean abiatuko dira Urdaburuko egoitzatik, eta ez Zumardiko autobus geltokitik, ohi bezala.
Irteerako izen emateak hiru modutara egin daitezke: aurrez aurre Urdabururen egoitzan astearte eta ostegunetan 19:00etatik 21:00etara, 943 52 78 79 telefono zenbakira deituta edo galdetegi bidez.
Martxa Beretera irteera
Bestalde, Urdaburuk Martxa Beret lasterketara irteera antolatu du hilaren 31 eta otsailaren 1erako. Hilaren 31n eskiatzeko denbora librea izango du nahi duenak Pla de Bereten. Otsailaren 1ean, aldiz, Martxa Beret lasterketa jokatuko da, eta eskiatzea gustuko duen oro animatu dute martxa horretan parte hartzera. Lasterketa egin nahi ez duen norbait balego, elur erraketekin ibiltzera, mendian ibiltzera edo Vielha inguruak ezagutzera animatu dituzte.
Irteerako prezioa 90 eurokoa izango da bazkideentzat eta 100 eurokoa bazkide ez direnentzat. Prezio horren barruan sartzen dira bidaia eta ostatua, afaria eta gosariarekin. Maindireak eta toallak sartzen ez direla jakinarazi dute Urdaburutik; hortaz, zakua eramatea beharrezkoa dela adierazi dute. Eskiatzeko materiala ez duenak (eskiak, botak edo elur erraketak) Urdabururen egoitzan aloka dezake. Interesdunak hilaren 27an eta 29an pasa behar dira egoitzatik materiala erreserbatzera.
Mendizaleak hilaren 31ko 06:00etan irtengo dira Zumardiko autobus geltokitik, eta 06:05ean geldialdia egingo dute Lintzirinen, jendea jasotzeko. Apuntatzen den jendearen arabera, Irunen ere geldituko liratekeela baietsi du Urdaburuk.
Izen emateak galdetegi bidez egin behar dira. Hilaren 22a izango da izena emateko azken eguna. Egun horretan bertan, Urdaburuko kideek mezu elektroniko bat bidaliko diete izena eman dutenei irteera aurrera doan edo ez jakinarazteko. Aurrera badoa, lasterketan parte hartzeko dortsalak hartuko dituzte.
