Allerru are lezoarrago egiteko, 0,07 euro egunean
Allerru Lagun kanpainarekin, futbol taldea indartu eta herrira gehiago hurbiltzeko asmoa du Allerru Kirol Elkarteak. Dagoeneko 175 lagun berri ditu eragileak, eta gehiagoren bila ari dira.
Alerru Lagun egiteko postua jarri zuten Lezoko San Tomas festan. Allerru Kirol Elkarteak 62 urte beteko ditu 2026an. Herriko eragile zaharrenetakoa da, baita kide gehientsu dituena ere: talde federatuen eta eskolakoen artean 250 kirolari dituzte. Haiei, zuzendaritzan eta entrenatzaile nahiz laguntzaile zereginean dabiltzanak gehitu behar zaizkie. Taldea indartu eta herrira gehiago zabaltzeko Allerru Lagun iniziatiba sortu berri dute: urteko 25 euroren truke, kirol elkartearen bultzatzaile izateko aukera dute hala nahi duten guztiek, eguneko 0,07 euroren truke alegia. Abendu hasieran hasi ziren kanpainarekin, eta jada 175 Allerru Lagun egin direla jakinarazi du Eñaut Beristain zuzendaritza batzordeko kideak, «erantzuna ona izaten ari da». Lezoarren babesa izaten ari dira, baina gehiagoren bila doaz. Bide horretan, 2026an hainbat izango dira egingo dituzten jarduerak.
Allerru Lagun direnak taldearen laguntzaile izango dira, baina klubarekiko ardura sakonik gabe. «Bazkideek erabaki organoetan parte hartzeko aukera dute. Allerru Lagunek iritzia emateko eta ekarpenak egiteko aukera izango dute, baina haien egitekoa samurragoa izango da. 25 euroko urteko kuota jarri dugu ahalik eta jende gehiagorengana iristeko». Gainera, hainbat abantaila izango dituzte klubaren lagun berriek: zozketetan parte hartzeko aukera izango dute, Plazetan ordainpekoak izango diren partidetan doan sartzeko aukera izango dute, edo herriko saltokietan hobariak lortzeko eskubidea izango dute, «azken gai hori lantzen ari gara», zehaztu du zuzendaritza taldeko kideak.
Allerruko kideentzat euren kluba baloi baten inguruan jokatzen aritzeko esparrua baino askoz gehiago da: «Allerru Lezoko komunitatearen zati da, eta bertan direnei hainbat balio transmititzen saiatzen gara. Kirol balioetan, berdintasunean, euskaran eta ongizate emozionalean lanketak abian ditugu, eta hori dela-eta garai bateko boluntarioen ekarpenetik harago doazen arloak lantzen ditugu. Horrek diru aldetik gehiago eskatzen digu. Horregatik ere taldea ekonomikoki indartzea premiazkoa ikusi dugu. Kirola egitearekin batera, pertsonak hezten ditugu neurri batean, eta horretarako jende gehiago eta prestatuagoa behar dugu».
Zabaldu
Allerru Lagun izateko zuzendaritza batzordeko kideekin harremana egin, edo kalean jartzen ari diren informazio mahaietara hurbiltzea besterik ez da egin behar. «Herriarekiko gertuago egon nahi dugu. Zertan ari garen ezagutarazi nahi dugu. Balio, berdintasun, eta euskara mailan adibidez gauza asko lantzen ari gara. Allerru Lagun kanpainarekin batera herriarengana are gehiago hurbildu nahi dugu», azaldu du Beristainek.
Beraz, eskatzeaz gainera, egiten ari direnaren gaineko azalpenak emateko prest dira futbol elkartekoak, «denon artean herria egin behar dugu. Herriko eragile da Allerru. Baina are gehiago zabaldu nahi dugu, eta elkarlanean bada, hobe».
