Zumarren kimatzeagatik, espaloia eta bidegorria etenda
Renfeko geltokiaren eta Altamirako biribilgunearen arteko zatian kimatuko dituzte zumarrak, bihar (larunbata). Egoera txarrean dauden zuhaitzak kenduko dituzte.
Bihar (hilak 10, larunbata) Renfeko geltokiaren eta Altamirako biribilgunearen arteko zumarren zainketa lanak egingo dituzte Lezoko Udaleko lorezaintza zerbitzuko langileek. Bertako zumarrak kimatuko dituzte, eta egoerarik okerrenean daudenak (bost dira) oinarritik moztuko dituzte. Horren ondorioz, zati horretako espaloia eta bidegorria erabilezin geldituko dira goizean zehar oinezkoentzat eta bizikleten zaleentzat; pareko espaloia erabili beharko da Errenteria-Oreretarako joan-etorria egiteko. Errepidea ez da moztuko.
Lezoko Udalak zehaztu du lorezaintza zerbitzuak jarraipen zehatza egiten diela inguru horretako zumarrei. Hala, kimaketaren helburua da lehorren dauden adarrak kentzea, oinezkoentzat nahiz ibilgailuentzat arriskutsu izan daitezkeelako hautsi eta erortzekotan. Errotik moztuko diren zuhaitzak egoerarik okerrenean daudenak dira, eta beste batzuengatik ordezkatuko direla jakinarazi du udalak, ezkiekin eta astigarrekin zehazki.
