"Orain arteko urterik onena izan da, oso ondo atera zaizkit gauzak"
Ander Aramendi sanjuandarrak ez du sekula ahaztuko 2025eko denboraldia. Hainbat domina, errekor eta garaipen lortu ditu, eta hobetzen jarraitu nahi du aurten.
Urte bikaina osatu du Ander Aramendi Aginaga atleta sanjuandarrak, inoizko onena. 20 urte besterik ez ditu, baina hainbat domina, errekor eta garaipen bere egin ditu azken denboraldian. Abenduan brontzezko domina zintzilikatu zuen Europako Kros Txapelketan, Portugalen. Urte berria iazkoaren antzera hasi du, Mitxintxolako Mendi Lasterketa irabazi baitzuen hilaren 4an. Hankak lurrean, hobetzen jarraitu nahi duela aitortu du, ikasketak alboratu gabe.
Urtea bukatuta, 2025aren zein balantze egiten duzu?
Orain arteko urterik onena izan da dudarik gabe. Oso ondo atera zaizkit gauzak, eta ez dut lesiorik izan.
Gauzak ondo atera zaizkizula esan duzu. Abenduan, adibidez, Portugalen lehiatutako Europako Kros Txapelketan izan zinen, 20 urtez azpikoen mailan, eta brontzezko dominarekin itzuli zinen etxera. Ikaragarria, ezta?
Urte hasieran esan izan balidate domina bat lortuko nuela Europako Txapelketa batean, ez nuen esperoko. Taldeka lortu genuen domina hori, eta oso pozik nago.
Nolakoa izan da Europako Txapelketako esperientzia?
Oso polita izan da. Bakarka ez zitzaidan lasterketa onena atera, baina nire helburua txapelketa horretan egotea zen. Behin sailkatuta, esperientzia disfrutatu nahi nuen. Talde bakoitzak sei kide zituen, eta talde bakoitzeko hiru onenek puntuatzen zuten. Han egonda, puntuak ateratzeko asmoa nuen. Banekien taldea ona zela eta aukera genuela dominen borrokan egoteko. Taldeko hirugarrena izan nintzen, eta puntuak lortu nituen.

Ander Aramendik bere egin zuen Donostiako Nazioarteko Krosaren 69. ekitaldia, azaroan
Osatu duzun urtea ikaragarria izan da. Dominak lortu dituzu Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako Txapelketetan, errekor berriak ezarri dituzu Gipuzkoan eta Euskadin, eta garaipenak lortu dituzu hainbat probatan. Espero zenuen hori dena lortzea?
Denboraldi hasieran aire libreko Europako Txapelketako marka lortzea jarri genuen helburutzat. Hori lortzeko, podiumean sailkatu behar nintzen Espainiako Txapelketan, eta hirugarren izan nintzen. Hori lortuta, denboraldiko helburuak betetzat eman genituen. Aire libreko denboraldia bukatuta, atseden hartu nuen, eta neguko helburua Europako Kros Txapelketan izatea zen. Han ere izan naiz. Aurtengo helburu guztiak bete ditut.
Europako Kros Txapelketan izateaz gain, Finlandian lehiatutako aire librekoan ere izan zara aurten, 3.000 metrotako proban parte hartzen. Bitan izan zara aurten nazioartean.
Finlandiakoa nire lehen aldia izan zen Europako Txapelketa batean, eta espektatiba asko gabe joan nintzen hara. Hala ere, finalean egon nahi nuen. Banekien zaila izango zela helburu hori lortzea, ez bainuen marka ona. Oso egun onak izan nituen finalerdietan eta finalean, eta zortzigarren sailkatu nintzen finalean.
Krosean eta pistan aritzen zara, hainbat modalitatetan gainera. Non moldatzen zara ondoen? Zein da zure proba gogokoena?
Orain arte 3.000 metrotako probak egin ditut beti, baina aurten 23 urtez azpikoen mailara pasako naiz eta aire librean ez dugu 3.000 metrotako proba izango. 1.500 eta 5.000 metrotako proben artean aukeratu beharko dut. Oraindik ez dugu argi, baina seguruenik 1.500ekoa hartuko dut, orain arte hobeto ibili bainaiz proba horretan.
Zer ematen dizu lasterka aritzeak? Nola hasi zinen korrika?
Gure osaba lasterka aritzen zen gaztetan, eta txikiak ginela korrika aritzera animatu gintuen. Txikitan berarekin joaten ginen lasterketa batzuetara eta entrenatzera, eta pixkanaka hobetzen joan gara. Osabarekin entrenatzen dugu oraindik, eta oso pozik nago.
Bidasoa Atletiko Taldean zaude orain. Nola doakizu bertan?
Donibanen hasi ginen, baina Espainiako Txapelketetara joateko guk ordaindu behar genituen bidaia guztiak. Klub txiki bat zen Donibanekoa, eta ezin ziguten dena ordaindu. Noizbehinka Irungo pistan entrenatzen genuen, hango entrenatzaileak ezagutzen genituen, eta bertara joatea erabaki genuen. Laguntza handia dugu hemen, bidaia guztiak ordaintzen dizkigute eta asko eskertzen da hori.
Aurten maila aldaketa izango duzu, 20 urtez azpiko mailatik 23 urtez azpikora pasako baitzara. Zein helburu dituzu 2026rako?
Lehen urtea zailena dela uste dut, mailako gazteenak izango baikara. Adin hauetan gutxiago nabaritzen den arren, kostatuko da maila aldaketa. Postu aldetik ez dakit nola ibiliko naizen, baina orain arteko markak hobetu nahi ditut.
Zein proba dituzu jomugan
Igandean (hilaren 11n) Euskadiko Kros Txapelketa dut Ortuellan (Bizkaia), eta hilabete bukaeran Espainiakoa Kordoban. Horiek lehiatuta, pista estaliko maila absolutuko minimoa lortzen saiatuko naiz. Marka lortu eta han egon nahi dut. Aire libreko udako denboraldian, aldiz, 5.000 metrotako probaren bat egingo dut eta nire markak hobetu nahi ditut.
Zein amets dituzu atletismoan?
Oraingoz hobetzen jarraitu nahi dut, eta aurrerago ikusiko dugu. Lehenbizi ikasketak bukatu nahi ditut, atletismoarekin ahalik eta ondoen uztartuz. Energiaren Ingeniaritza ikasten ari naiz. Unibertsitatea bukatu ondoren, ikusiko dugu zein mailatan nagoen eta zein aukera dauzkadan.
Nola uztartzen dituzu atletismoa eta ikasketak?
Batzuetan zaila izaten da. Klasetik atera eta entrenatzera joatea kostatzen da, eta unibertsitaterako ere ikasi egin behar dut. Batzuetan pixka bat justu ibiltzen naiz. Txapelketak kanpoan direnean azterketak aldatzen uzten didate, baina zaila izaten da, askotan dena pilatzen delako. Aurten kostatzen ari zait.
