Eguberrien balorazio negatiboa egin du PSEk
EH Bilduren kudeaketa eskasa izan dela esan dute sozialistek, eta herriko kultur eragileei esker mantendu dela Eguberrietako programazioa.
Gabonetako argiak, Santa Klara kalean. Eguberriak atzean gelditu dira, eta orain, horiek berak baloratzeko garaia iritsi da. Errenterian, PSE-EEk negatiboki baloratu du EH Bilduk Eguberrien harira egindako kudeaketa. “Beste urte batez, udal gobernuak ezintasuna erakutsi du Eguberriak antolatzerakoan eta horiek finantzatzerakoan”, esan du PSEk ohar bidez.
Sozialisten ustez, EH Bilduk kudeatutako udal gobernuak kultur eragileen esku utzi ditu Eguberriak, haiek hartu beharreko erabakiak bigarren plano batean utziz. “Argi dago ez dela inongo gidaritzarik egon, eta udala ez dela ongi koordinatu”, adierazi dute. Sozialistek salatu dute hainbat alditan kultur ekitaldiak ordu berberean egin direla, horrela “udalaren ezintasuna” erakutsiz. Isaac Palencia, PSEren ordezkaria: “Arazoa ez da kultur eragileena, haiek herriarekiko konpromisoa erakutsi baitute, arazoa udalarena da, ez ditu eta bere ardurak betetzen”.
Sozialistek Eguberrietako argiteria “eskasa” salatu dute, esanez hainbat auzotan ez dela apaingarririk ikusi. “Aurten gehitutako apaingarriak kanpotik etorritako finantzaketatik iritsi dira. Eskerrak eman nahi dizkiogu Azahara Dominguezeri eta Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun eta Turismo sailari, haiek egindako 10.000 euroko aportazioagatik, Beraun eta Iztietan Eguberrietako argiak jartzeko”.
“Ez da kasu bakana”
Eguberrietako kudeaketa “eskasa” ez da kasu bakana sozialisten ustez. Esan dute hori bera madalenetan, San Tomas egunean, inauterietan edota erregeen kabalgatan errepikatzen dela. “EH Bilduk lehentasuna ematen dio ‘errege kabalgata’ izena ‘egun magikoa’-gatik aldatzeari edota San Tomas eguna Neguko Solstizioa izateari, haien lana ondo egiteari baino”, esan du Palenciak.
PSEk salatu du udalaren konpromiso faltak eragin zuzena duela herriko ekonomian. “Eguberriak bisitariak erakartzeko garai aproposak dira, eta noski, herriko komertzioa biziberritzeko. Baina EH Bilduren kudeaketak eragin du jende asko Donostiara edo Irunera mugitzea, bertako Eguberrietako giroaz disfrutatzera. Horrela, herriko komertzioak jasan ditu ondorioak”.
