Nafarroara joango dira urteko lehenean
Trintxerpeko Itsastarrak Mendi Taldeak 2026ko irteeren egutegia argitaratu du. Urteko lehen irteera igandean (hilaren 18an) izango da.
Urtea hastearekin batera, Trintxerpeko Itsastarrak Mendi Taldeak eta Herrerako Mendizaleek 2026ko irteeren egutegia argitaratu dute. Ohi bezala, hilero ibilaldi bat egingo dute mendizaleek. Urteko lehen irteera igande honetan (hilaren 18an) izango da, eta mendizaleak Nafarroara joango dira. Zehazki, Artesiagako portutik hasiko dute 20 kilometroko ibilbidea, eta Albako Haitza (1.074 metro) igo ondoren, Elizondon bukatuko dute ibilaldia. 6-7 ordu inguruko iraupena izatea aurreikusi dute sustatzaileek.
Irteerak 20 euroko kostua du bazkideentzat eta 22 eurokoa bazkide ez direnentzat. Mendizaleak 07:00etan irtengo dira Trintxerpeko kaitik, eta 07:05ean Garberan, 07:15ean Pio XIIn eta 07:20an Errenteria-Oreretan geldialdiak egingo dituzte, jendea jasotzeko. Izen emateak irekita daude jada, eta galdetegi bidez egin behar dira.
