Venezuelaren burujabetzaren alde atera dira kalera
Elkarretaratze jendetsua egin dute Hegoak Elkartasun Plataformaren deialdiari erantzunez AEBk Venezuelaren kontra egindako eraso militarra eta Venezuelako presidentea eta haren emaztearen bahiketa salatzeko.
Venezuelaren aldeko elkarretaratzeaHegoak Elkartasun Plataforma Hegoak elkartasun plataformak deituta kalera atera ziren dozenaka herritar ostiralean AEB Ameriketako Estatu Batuek Venezuelaren kontra egindako eraso militarra eta Venezuelako presidente Nicolas Maduro eta haren emazte Cilia Floresen bahiketa salatzeko. Venezuelan gertatutako “oso larritzat” jo du Hegoak plataformak, “lehen aldiz Estatu Batuetako armadak Venezuela eraso du jendarte zibilaren artean biktimak eraginda. Hori gutxi balitz Venezuelako presidente Nicolas Madurio eta haren emazte Cilia Flores bahitu eta herrialdetik atera ditu”. Neurrigabetzat eman ditu gertaera horiek Hegoakek, eta nazioarteko legedia eta Nazio Batuen Karta urratzea egotzi die.
Hegoak plataformak munduko herri eta pertsona guztien burujabetza aldarrikatu du halaber, “ezinbesteko printzipio gisa. Inork ezin du Venezuelako herriaren gaineko erabakirik hartu, hori soilik Venezuelari dagokio”.
Munduko herrien kontrako “estrategia neokoloniala” ezartzea egotzi dio gainera, Donald Trumpi iazko urtarrilaren 20an kargua hartu zuenetik: “Estrategia hori esku hartzeetan, mehatxuetan, xantaietan eta eraso militarretan oinarritzen da, bereziki Palestinan, Latinoamerikan eta Karibean”. Jarrera hori, Estatu Batuetako administrazioa osatzen duten multinazionalen interesekin lotu du plataformak; horiei guztiei menpekotasun ekonomikorako estrategia oldarkorrarekin, presio politikoekin, eta indar militarraren erabileraren mehatxuarekin konprometitua egotea egotzi die, “Monroe doktrina eguneratuta erasoa eta xantaia normalizatu nahi ditu diskurtso belizista kezkagarri bat erabilita Washington eta kontinentearen arteko harremanean”.
Erreferentzia berezia bestalde, Nicolas Maduro eta Cilia Floresen bahiketari plataformak, biak Venezuelara itzuli eta aske uztea “ezinbestekotzat” jo du, egoera bideratu ahal izateko. Elkartasuna adierazi dio gainera, Venezuelako herriari, “haien autodeterminazioa, instituzioen subiranotasuna eta lurralde osotasuna errespetatzeko eskatzen dugu”. Eskaera ere nazioarteko komunitateari erasoak salatu eta neurri zorrotzak har ditzan, “Venezuelaren kontrako eraso militarrek mehatxu larria dakarte Latinoamerika eta munduko bakearen eta egonkortasunaren eraikuntzan”.
