Xoxolurrekin, egun pasa igandean
Manttale-Xoldokogaina bidea egingo dute igandean. Lezotik autobusez joango dira abiapuntura, beraz, izena ahalik eta azkarren emateko eskatu dute.
Xoxolurrekoak, abenduaren 21ean Gaintxurizketara egin zuten irteeran.Xoxolur Mendi Kluba Ikasturteko laugarren irteera egingo du igandean (hilaren 18an) Xoxolur Mendi Klubak. Lapurdi eta Nafarroa ukituko dituzte, Biriatu-Bera eta Urruña arteko Manttale-Xoldokogaina mendi bidea egingo dutelako. Autobusez joango dira irteerara herriko mendizaleak, beraz, izena ahalik eta azkarren ematea eskatu diete txangoan interesa dutenei: bihar (hilak 14, asteazkena) da izena emateko azken eguna, taldekideen posta elektronikora mezua bidalita. Autobuserako helduen tiketaren kostua 12 eurokoa da, 8koa haurrena.
Igandean, 08:30ean hartuko dute Lapurdi aldera joateko autobusa izena emana dutenek, Ijurkon. Irteera gunera iritsi, eta hiru bat orduan egingo dute proposatutako ibilbidea, betiere haurren erritmoari kasu eginez. Ondoren hurbileko pilotalekuren batean bazkalduko dute, eta jolasean ibili ondoren Lezorako bueltari ekingo diote. Egun osoko irteera da, beraz.
Taldekideek bi motxila eramate aholkatu diete parte hartzaileei: bat, ibilaldian zehar eramango dutena izango da, hamaiketakoarekin eta urarekin adibidez. Bestea autobusean geldituko da, bazkaria eta behar balitz aldatzeko arropa izango lituzkeena, alegia.
