Mataderoaren proiektuaren lizitazioa etetea eta proiektu originala berrartzea exijitu du PSE-EEk
2022an egindako proiektuarekin alderatuta "atzera pausua" dela lizitaziora ateratakoa salatu du, eta berehala gelditzea eskatu du.
Isaac Palencia erdian, almudena de la Torre eta alberto Muñagorri PSE-EEko zinegotziekin.PSE-EE Gobernu taldeak Mataderorako lizitaziora atera duen proiektua ez da PSE-EEren gustukoa. 2022an ondutako proiektuari “guraizekada” egin izana egotzi dio eta hura berrartzeko exijitu dio. Hori horrela, lizitazioa berehala bertan behera uzteko ere eskatu du alderdi sozialistak.
Komunikabideetara bidalitako prentsa ohar bidez egin ditu adierazpenok eta Iztieta-Ondartxoko Mataderokoa aurreko agintaldian bete gabe utzitako proiektuetako bat dela adierazi du bertan. Ez hori bakarrik, harago jo eta EH Bilduri auzoak “abandonatuta” izatea egotzi dio: “Iztieta berriz ere ahaztuena izan da”.
Proiektuaren aurka azaltzeko zioak ere eman dituzte sozialistek. Hala, inbertsioa 2022an aurreikusitako 3,5 milioietatik, 2 milioi eurora igaro dela dio, “%43ko murrizketa suposatzen du horrek, eta eragin zuzena du auzoarengan, aurreikusitako espazio komunitarioa %45ean murriztu baitute”. Horrekin batera, Familia Gunea erabat desagertu dela proiektutik esan du eta uretako kirol publikoetarako zerbitzurako aurreikusten zen 100 metro kuadroko espazioa ere desagertu dela.
“Auzoa zabaltzen ari den unean murrizketa egitea are larriagoa da, beharrek ere gora egin dutelako Altzate auzo berria eraikita”, gaineratu dute, eta Mataderoak azpiegitura zabal, erabilera anitzekoa eta auzoaren egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko pentsatua behar luke”, erantsi dute.
Bukatzeko, “murrizketek, 2022ko proiektu teknikoaren kontra egiteaz gain aurreko hauteskunde kanpainan hartutako konpromiso politiko bat urratzen dutela uste dute sozialistek, “PSE-EE eta EH Bilduk Mataderoa azpiegitura misto gisa eraberritzeko konpromisoa hartu genuen publikoki, auzoarentzat espazio komunitarioak eta 0-6 urte arteko haurrak dituzten familientzako espazioak barne hartuta. Horrelakorik ez da azaltzen gaur gaurkoz lizitazioan den proiektuan”.
