Zerga hobariak eskura dituzte lezoarrek
Familien kide kopuru eta errentaren arabera, %10 eta %90 arteko hobariak eskura ditzakete herriko familiek.
Hobarien sisteman den zergen artean urarena dago. 2026ko udal zerga eta tasetan hobariak eskatzeko aukera dute lezoarrek, otsailaren 28ra arte. Lezoko Udalak familien errenta mailaren araberako hobari sistema du: “Helburua da familia edo pertsonak bakoitzak, bere diru ondarearen mailaren arabera zergak proportzionalki ordaintzea, horrela, baliabide gutxiago dituztenentzat hobariak eskainiz”. Hobari horien taula albiste honen behealdean ikus daiteke.
Eskaerak bizikidetza unitatek egin ditzakete, eta horien kide kopurua nahiz diru sarreren zenbatekoa kontuan hartuta, %10 eta %90 bitarteko hobariak izan ditzakete. Hobari horiek Ondasun Higiezinen Zergan; nahiz uraren, estolderiaren eta hondakinen zergetarako eska daitezke. Eskaeraren egilea erreziboen jabea izan behar da; alokairuan bizi direnek ezin dute, beraz, hobarien sisteman sartu. Horiei udalak aholkatu die Gizarte Zerbitzuen bidez eskaintzen diren laguntzen berri izan dezatela, horietara iristeko aukera izan dezaketelako.
Hobarien eskaera Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) edo Lezoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin daiteke. Zalantzak argitu nahi izanez gero, HAZ bulegora joan daitezke interesdunak, edo 943 52 10 94 telefono zenbakira kontsulta deia egin dezakete.

Lezoko Udalaren hobarien taula.
