Paper eta kartoiaren sekzioak errentagarriak direla dio Papresako enpresa batzordeak
Batzordeak salatu du prentsa bidez jakin duela enpresak EEE Enplegu Erregulazio Espedientea ezarri duela enpresak Papresako paper dibisioan.
Papresaren jardueragatiko zarata eta soinuengatik kexa eta erreklamazio ugari egiten jarraitzen dute bizilagunek. Argazkia: Wikimedia Papresako paper dibisioan EEE Enplegu Erregulazioa Espedientea aktibatu duela enpresak zabaldu da hainbat komunikabideetan, eta neurri hori Cristian Lay taldeari aktiboen uztezko salmenta errazteko hartu duela. Horren aurrean, idatzia bidali du komunikabideetara enpresa batzordeak—LAB, ESK, ELA eta CCOO sindikatuek osatzen dute— eta salatu egin du, lehenik eta behin, enpresak eman dion mediatizazioa, “prentsa bidez izan baitu neurri traumatiko horren berri enpresa batzordeak. Enpresaren proposamenik ez du jaso enpresa batzordeak, eta gure ustez, halakoak enpresa barruan landu beharreko kontuak dira, komunikabideen fokuetatik kanpo”.
Onartezina jo dute produkzioa eta enplegua arriskuan jartzen dituen neurri oro, eta horrenbestez, halakoak baztertzea exijitu dute, “ezin baitugu onartu EEE bat erabiltzea salerosketa eragiketa bat egiteko aurretiazko baldintza gisa”. argi esan dute, ez dutela onartuko enplegua eta produkzioa “truke txanpon” modura erabiltzea salmenta prozesuan, “konpainiaren eta bertako langileen etorkizun industrialerako berme argirik gabe”.
Espedientea zabaldu duten sekzioen errentagarritasun erreala babestu du gainera, batzordeak, eta enpresaren egoera sektorearen testuinguruaren ondorio baino, egungo zuzendaritzaren erabaki “estrategiko okerren” emaitza dela jarri du nabarmen: “Irmotasunez aldarrikatzen dugu prentsa paperaren eta paper hobetuaren banaketak, bilgarrirako papera barne, errentagarriak direla. Ezkutuko desindustrializaziorik ez dugu onartuko”.
Hala, produkzio osoa mantentzea galdegin du enpresa batzordeak, baita lanpostu guztiak ere, eta paper fabrikaren etorkizuna bere osotasunean bermatuko duen industria plana ontzeko. Elkarrizketarako deia egin du halaber, eta enpresa interesdunaren zuzendaritza, sindikatu, administrazio publiko eskudun eta interesa duen edozein alderdiren arteko berehalako elkarrizketa mahai loteslea irekitzea proposatu dute, “ekoizpena eta enplegua ziurtatuko dituen etorkizuneko plan industrial bat diseinatzeko”.
Bukatzeko konpromiso betea adierazi du enpresa batzordeak lanean jarraitzeko “enpresaren produkzioa %100 izateko, enplegu guztien defentsan, eta Papresaren etorkizun industriala defendatzen”.
