Errenteriako mendi batean hildako animaliak azaldu direla salatu du herritar batek
Sare sozialen bidez zabaldu du salaketa. Haren ustez, animalien hobi komun bat litzateke.
Eremu horretan diren poltsak. Errenteria-Oreretako mendi batean hainbat hildako animalia aurkitu dituela salatu du herritar batek. Sare sozialen bidez zabaldu du informazio hori. Animalia gehienak txakurrak direla uste duela esan du: “Nire txakurretako batekin paseatzen nindoala, hura usaintzera joan zen eta orduan ikusi nuen”. Hasieran istripua izan zela pentsatu nuen, erori zela bertan hilda zen txakurra. Bere jabea aurkitu nahian mezua zabaldu nuen eta orduan jaso nituen erantzun pila esanez leku horretan ohikoa zela animaliak hilda aurkitzea”.
Eremuan denera 10-15 poltsa daudela dio emakumeak, “horrek arazoaren dimentsio bat ematen du. Gogorra da”.
Sare sozialen bidez bideoa zabaltzea erabaki duela dio, eta arrazoiak azaldu: “Udalera jo dut Ingurumen sailera, Udaltzaingora, eta Ertzaintzara ere. Azken horiek ez dutela gaia eramaten, baina beste sail bati pasako ziotela informazioa eta berehala jarriko zirela nirekin harremanetan esan zidaten. Bost egun pasa dira eta inor ez da jarri harremanetan nirekin”. Horren aurrean, argitara ateratzea iruditu zaiola egokiena gaineratu du, “ingurumena eta animaliak babesteko”. Epaitegira jotzea ere baduela esan du, “baina uste dut gertuko erakundeen egitekoa dela egoera ikertu eta erantzuna ematea. Beharrezkoa da gaur ekitea”.
Egoera ez dela berria ere salatu du emakumeak, 2022an inguru horretan txakur eta ardien hezurrak azaldu zirela esan du.
Errenteriako Udalarekin harremanetan jarri da HITZA. Salatutako eremua zuloa dela, zail dela bertara heltzea eta beharrezko bitartekoen zain izan direla ekiteko esan dute. Hori horrela, bitartekoak eskuratuta Udaltzaingoa basozainarekin batera bertaratuko dela eremura bihar gaineratu dute: “Bistan dagoen txakurraren gorpua atera eta identifikatzen saiatuko dira jabea topatu ahal izateko”.
Halaber, eremu berean dauden plastikozko poltsak aztertuko dituztela esan dute udaletik, bertan zer dagoen jakiteko.
Herritarrak zabaldutako bideoa gaztelaniaz dago, hemen klik eginda ikus daiteke.
