Erresidentzia eta eguneko zentroetako langileak greban
Gaur goizean, ELAk deitutako manifestazioa egin dute Errenteria-Oreretan Gipuzkoako hitzarmen sektorialaren negoziazioa blokeatuta baitago.
Gipuzkoako erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek greba egunak dituzte gaur (hilak 22, osteguna) eta bihar. ELA sindikatuak manifestazioak deitu ditu Gipuzkoako hainbat herritan, tartean, Errenteria-Oreretan. Hogeitaka lagun bildu dira Zumarditik abiatu den martxan, eta herriko kaleetatik ibili dira. Eguneko zentroetako lan baldintza prekarioak direla salatu dute, baita hitzarmen berriaren negoziazioa blokeatuta dagoela ere.
ELAk azaldu duenez, langileen %40ak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak ditu. Zaintza sistema erdigunean jarri nahi izan dute, eta zaintzaileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena eskatu dute: %100eko jardunaldiko kontratuak langile guztientzat; soldata arrakalarekin amaitzea; 32 lanordu astean eta erretiroa hartzeko formulak erraztea; arrisku psikosozialen plan adostuak; zerbitzuak euskalduntzeko baliabideak; eta egoitzetako otorduetan bertako produktuak txertatzea eskatzen dute.
“Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diogu sektoreak bizi duen egoeraren jabe egin dadila. Zaintza pertsonen arabera kudeatu nahi bada etorkizunean ratio handiagoak, soldata duinak eta partzialitatea desagertzea eskatzen dugu”. Gipuzkoako erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileak borrokan jarraituko dutela argi adierazi dute, “zaintza ez da negozioa”.
