Escalerillaseko bizilagunek borrokan jarraitzen dute
Etxebizitza Sindikatuak adierazi du sei bizilagunek "kale gorrian geratzeko arriskuan" jarraitzen dutela. Horrez gain, eta "borrokari eta presioari esker", beste hiru familiarentzat akordioa hobetzea lortu dela baietsi dute.
Escalerillaseko egoerak hautsak harrotzen jarraitzen du. Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) jakinarazi du behin betiko akordioa lortu duela Escalerillaseko etxebizitzetan “errentamendu eskubideak indarrean” zituzten bost bizilagunekin. Bien bitartean, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak adierazi du sei bizilagunek “kale gorrian geratzeko arriskuan” jarraitzen dutela. Horrez gain, eta “borrokari eta presioari esker”, beste hiru familiarentzat akordioa hobetzea lortu dela baietsi du etxebizitza sindikatuak.
PPAk bizilagunak bi taldetan bereizi dituela gogorarazi du sindikatuak: orain dela 60 urte portura lanera joan ziren bizilagunak eta bizilagun horien oinordekoak. Lehenengoekin “negoziatzeko borondatea” izan zuela zehaztu du etxebizitza sindikatuak. Bigarrentzat, aldiz, soilik “kanporatuak izateko mehatxuak” izan zituela esan dute. Sindikatuaren ustez portuaren estrategia argia izan da: “Bizilagunen arteko batasuna haustea”.
Iazko ekainean izan zen epaiketa, eta bi aste lehenago bigarren taldeko bizilagunek eta portuak bilera bat adostu zutela kontatu du sindikatuak. Bilkura, baina, portuak bertan behera utzi zuela adierazi dute.
Sindikatuaren arabera, bilera bertan behera uztea PPAren “opakotasunaren” beste adierazle bat izan zen, duela bi urtetatik “mespretxuzko jarrera” izan duelako bizilagunekin. Portuak bi taldeetako bizilagunei Escalerillasen bizitzeko eskubidea “sistematikoki ukatzen” diela adierazi du sindikatuak, “etxebizitzaren auzia bigarren plano batean utzi nahi dutelarik atzean duen trenbide proiektua lehentasunezko interes moduan katalogatuz eta baita hau zabaltzeko ahaleginak eta bi eginez”.
Akordioa
Hiru titular, “presio asko jasan eta gero”, akordioa onartzera “behartuak” izan direla jakinarazi du sindikatuak. Bizilagun horien asmoa hasieratik urte luzez haien etxea izan den horretan geratzea zela esan du sindikatuak. “Portuak, akordio hau onartu ezean, denak, inolako alternatibarik gabe, ezberdintasunik egin gabe, kaleratzeko hautua egingo diela esanez egin die mehatxu bizilagun guztiei, baita hauen aurkako neurri judizialak hartzea ere”, esan du sindikatuak.
Urte hauetako “presio eta borrokari esker”, hiru familiei berdina ordaintzea lortu dela zehaztu du sindikatuak, “hasiera bateko proposamena onartuz”. Hasierako diru kopurua “bizilagunen bizi itxaropenaren arabera” kalkulatu zela nabarmendu du sindikatuak. Apirilaren 15erako etxeak uzteko klausula bat sinarazi dietela jakinarazi du etxebizitza sindikatuak.
Bide judiziala
Sindikatuak baietsi du bigarren taldeko bizilagunei 2025eko apirilaren 24an iritsi zitzaiela portuaren salaketa eta ahozko bista edo epaiketaren data. Portuak bizilagun horiek etxegabetzeko “nahia” adierazi zuela esan du sindikatuak, “en precario zeudela salatuz”. Epaiketa iazko ekainaren 30ean izan zen, Donostian. “Epaileak bost minutu eskasean burutu zuen egin beharrekoa, epaiaren zain utziz”.
Uztailaren 2an, ahozko sententzia iritsi zela zehaztu du sindikatuak. Prozesu judiziala “deshaucio en precario” batean datzala jakinarazi dute, eta “subrogazio tazitu” baten aurrean daudela esan zuen sindikatuko abokatuak. Bizilagunak “baimenik gabe” bizitzen egon direla argudiatu zuen portuak, “guztiz zentzugabea den zerbait”: “Portuarekin hitz egiten ibili dira, errenta ordaintzen, higiezina mantentzeko gastuak asumitzen eta kasu batzuetan laboralki ere portura lotuak egon dira”.
Hala ere, sindikatuak jakinarazi du sententzian ez dela baieztatzen “subrogazio hori egon den ala ez”. Epaileak sententzia “formalismo” batean babestu zuela zehaztu dute: “Desafekzioa ez exekutatu izana (akta batean ez agertzeagatik) eta beraz, eraikina jabetza publiko bat izaten jarraitzen duela. Hori garrantzitsua da jabetza mota hauetan ez baita subrogazioaren figura existitzen”.
Egoera horren aurrean, irailaren 1ean errekurtso bat jarri zutela baietsi du sindikatuak, “desafekzio hori gauzatu zela argudiatzen zuten frogak aurkeztuz”. Egun, errekurtso horren berri ez dutela nabarmendu dute.
