PPAk akordioa lortu du Escalerillaseko bizilagunetako bostekin
Pasaiako Portu Agintaritzak jakinarazi du behin betiko akordioa lortu duela Escalerillaseko etxebizitzetan "errentamendu eskubideak indarrean" zituzten bost familiekin.
default Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) jakinarazi du behin betiko akordioa lortu duela Escalerillaseko etxebizitzetan “errentamendu eskubideak indarrean” zituzten bost bizilagunekin. Adostasun hori PPAk bost bizilagunekin izandako “zuzeneko negoziazioaren” emaitza izan dela adierazi du portuak. Eraikinaren egoera konpontzeko, emandako urratsa “garrantzitsua” dela zehaztu du PPAk, “Eusko Trenbide Sarearen (ETS) zabalera metrikoaren sarrerako proiektu estrategikoaren eraginpean baitago”.
PPAk jakinarazi du sinatutako akordioan “konpentsazio ekonomiko bat” ezarri duela errentariekin kontratuak bukatzeagatik, “kalte ordain gisa”. Era berean, akordio horrek apirilaren 15a ezarri du “etxebizitzak hutsik geratzeko azken egun gisa”. Trantsizioa “errazte” aldera, PPAk akordioan klausula bat sartu duela zehaztu du, “familia horiei beren etxe berrietara lekualdatzen laguntzeko”.
PPAk gogorarazi du sinatutako akordioa “indarreko kontratua eta aitortutako eskubideak dituzten bost maizterretara mugatzen dela soilik”. Itun horrek gaur egun etxebizitza horietan “bizileku eskubiderik eta gaikuntza titulurik gabe” bizi diren gainontzeko sei familiak barne hartzen ez dituela nabarmendu du portuak.
Sei familia horiei dagokienez, Donostiako Lehen Auzialdiko Epaitegiak duela gutxi emandako epai judizial bat dagoela adierazi du PPAk, “Portu Agintaritzak etxebizitzen jabetza berreskuratzeko duen jarrera babesten duena”. “Hala ere, familia horiek erabaki dute epai judizialaren aurkako errekurtsoa jartzea, eta, beraz, prozedurak aurrera jarraitzen du auzitegian, ebazpen irmo baten zain”, esan du PPAk.
Portura zabalera metrikoa sartzeko obrak egiteko espazio hori liberatzea “beharrezkoa” dela adierazi du PPAk. 5,5 milioi euroko aurrekontua duen azpiegitura hori “funtsezkoa” dela iritzi du portuak, kamioien trafikoa eta inguruko CO2 aztarna murriztea ahalbidetuko baitu. PPAk prozesua “legezko bermeak errespetatuz eta portuaren interes orokorraren eta kaltetuen egoeraren arteko oreka bilatuz” kudeatzeko konpromisoa duela zehaztu du.
