Argiteria publikoaren bi heren LED teknologiakoa da
Duela gutxi bukatu dituzte Kaputxinoetako, Pontikako, Igantziko, Erdiguneko eta Beraungo Mikel Odriozola estadioko argiteria berritzeko esku hartzeak, zeuden luminariak LED teknologia duten argiekin ordezkatuta.
Koloreen arabera ikus daiteke LED argiteria non den jarria, eta zein eremura ez den iritsi oraindik. Duela gutxi bukatu dituzte Kaputxinoetako, Pontikako, Igantziko, Erdiguneko eta Beraungo Mikel Odriozola estadioko argiteria berritzeko esku hartzeak, zeuden luminariak LED teknologia duten argiekin ordezkatuta. Lan horiek 2025. urtean egin dira, 505.723,63 euroko inbertsioa eginda, eta horrenbestez, gaur egun, Errenteriako argiteria publikoaren % 66,85 inguru LED teknologiakoa da.
Iaz berritutako eremuekin aurreikusitako energia aurrezkia 278.035 kWh//urte-koa da, hau da, koadro horietako egungo kontsumoaren %71ko murrizketa, eta urtean 95.529,9 kilogramo karbono dioxido isurtzea saihestuko da udalak jakinarazi duenez. Izan ere, Errenteriako Udalak 3.915 argi ordeztu ditu 2015 eta 2025 bitartean. Zehazki, argiztapen adimenduneko sistema integral bat hornitu eta muntatu da, argiztapena hobetzeko eta argiteria publikoaren kontsumoa murrizteko. Sistema berria dagoeneko ezarri da udalerriaren mendebaldean eta erdigunean, hau da, Galtzaraborda, Beraun, Alaberga, Esnabide, Kaputxinoak, Igantzi, Pontika, Hirigune Historikoa, Ondartxo, Iztieta eta erdigunean.
Irudiko mapan, eremu horiek erakusten dute non jardun den iaz, eta berdez markatutako guneekin batera, jadanik LED argiak dituzten guneak ikus daitezke. Gorriz dagoen eremua argiteria ordezkatzeko dagoen eremua da.
Jarduketen helburua energia eraginkortasuna hobetzea izan dela jakinarazi du udalak, zeuden luminarien ordez LED teknologiako luminaria berriak jarriz eta argiztapenaren kontrol adimenduneko sistema bat ezarriz: “Teknologia horrekin argiak automatikoki piztu edo erregula daitezke, presentziaren arabera, eta LED teknologiako argiek balio bizitza luzeagoa dutenez, energetikoki eraginkorragoak dira eta, argi-fluxua momentuan bertan erregulatzeko aukera ematen dutenez, mantenu gastua ere txikiagoa da”. Energia kontsumoa eta mantentze lanen aurrezkia kontuan hartuta, urtean 175.000 € aurreztuko direla estimatu du udalak, “gainera, ezarpen horren bidez, udalerri adimendun bat eraikitzeko oinarria finkatzen ari da, non argien bidez beste sistema batzuk jar daitezkeen, esate baterako, kartel informatiboak, IP ahotsa, Wifia, ingurumen-parametroak neurtzeko sentsoreak, etab”.
Gauzatutako proiektuaren berezitasuna da 1.627 luminarietan bloke optikoa bakarrik aldatu dela, oraindik urte batzuetan erabilgarria izan daitekeen estalkia mantenduta. Horrela, instalazio kosteak eta hondakinak gutxitu dira.
Orotara, 2015-2025 epean LED luminarietan egindako inbertsioa 2.014.647 eurokoa izan da (EVEk eta IDAEk lagunduta), eta jarduketa horiekin aurrerapauso handia egin dela Errenteriako Energia Iraunkorrerako Ekintza Plana (EIEP) gauzatzeko bidean adierazi du udalak.
Energia ataria
Bestalde, aipatzeko modukoa da Errenteriako Udalak atari bat duela bere energia kontsumoaren jarraipena egiteko, esteka honetan ikus daitekeena (klik hemen).
Bertan, infografien bidez argi eta erraz erakusten dira udalaren eta bere eraikinen energia kontsumoaren eta gastuaren bilakaera, bai eta gauzatutako energia politikak ere: “Kontsumo datuak beti daude eguneratuak, automatikoki inportatzen dira eta. Gainera, atariak datuen bistaratzea hautatzeko aukera ematen du, eraikinen kategorien arabera eta kontsumoaren, eraginkortasunaren edo aurrezkiaren arabera bereiziz. Eraikin jakin baten portaera energetikoa ezagutzeko aukera ere ematen du.
Horrela, jakin dezakegu, adibidez, azken urteetan udalak bere energia kontsumoa % 25ean murriztu duela, eta argiteria publikoarena, % 34ean. Murrizketa horiek argiteria publikoan LED teknologia instalatzearen eta eraikinetan energia aurrezteko eta energia eraginkortasunerako egindako jardueren konbinazioaren ondorio dira”.
