Iraganetik atera dute zurgintza tradizionala
Baserriberri programaren bidez egurrezko arotzeria tradizionalaren gaineko prestakuntza jaso dute bederatzi langabek, tartean, Ander Alvarez Narbaiza errenteriarrak.
Baserriberri proiektuan parrte hartu duen taldea Dantxarinean berritu duen Tomasenea baserrian. Baserriberri programan parte hartu du Ander Alvarez Narbaizak. Donostian jaio, baina Errenteria-Oreretan bizi da, Zamalbide auzoan. Baserriberri, Peio Martikorena Fundazioak bultzatu eta Europako Batasunak %65ean finantzatu du Interreg programaren bidez, eta 2024ko irailetik 2025eko uztailera Nafarroa, EAE eta Akitania Berriko bederatzi langabek egurrezko arotzeria tradizionalaren gaineko prestakuntza jaso dute, eta lehenbizikoz Frantzian eta Espainian aitortza duen titulu profesionala eskuratu. Alvarez da horietako bat.
Oarsolan zentroaren bidez heldu zen bera programara, «une horretan lan bila ari nintzen, ikastaroa egin nuen arotz izateko asmoz, eta programaren gainean galdetzera joan eta haien laguntzarekin sartu nintzen». Zurgintzaren mundua ez zen berria beretzat: «Aurretik etxean egurra landua nuen, Zamalbide auzoan bizi garelako eta hemen nahitaez egurra erabili behar duzu sutarako, itxiturak egiteko… gauza askotarako ibiltzen dut».
Egurraren gaineko «mundu bat» ikasi duela Baserriberri programaren barruan azaldu du. «Teoria eta praktika formazio arautu gisa ikasi dugu, baita egurra eta baserriaren arteko lotura, eta horren inguruan dagoen kultura eta euskaldunok nola landu dugun ere. Basogintzako lanetik hasita, ibai bidez zerrategira nola eramaten zuten, eta nola lantzen zen baserrietako arkitektura ikasi dugu programaren barruan. Zurgintzaren inguruko lanbide askoren berri jaso dugu, gainera». Oso aberasgarria izan dela esperientzia aitortu du Alvarezek: «Ez da ikasketa arautura mugatu, gauza ugari ikasi ditugu. Oraindik zutik dirauten duela 600 urte eraikitako baserriak ikusi ditugu, eta horiek aztertu eta ezagutzera joan gara. Duela 600 urte moztutako arbolekin egindako egiturak dira, eta zutik dira; plazera izan da hori guztia ikusi eta horren inguruan dagoen lanketa ikastea».
Ikasitakoa, praktikara
Ikasitako hori guztia praktikara eraman dute hezkuntza eta laneratze helburuak dituen Baserriberri programaren bidez. Izan ere, Dantxarinean (Urdazubi, Nafarroa) kokatuta dagoen Tomasenea baserria birgaitu dute. Prozesua «oso polita» izan dela dio: «Animalientzat pentsatuta zegoen borda handi bat zen, baserri baten tamainakoa, eta lanketa osoa egin dugu. Marrazki bidez planoak, neurketak eta kalkuluak egin… Ariketa asko ikasgelan ere egin genituen egurra prestatzeko, eta obrako lana ondoren. Izugarri polita izan da prozesu osoa. Egur oso onarekin egin dugu lan, gaiaz asko zekien jendearekin, eta prozesua ere oso polita izan da astetik astera ikusten zoazelako garapena».
Ahoan bilorik gabe esan du Alvarezek «oso harro» dagoela egin duten lanarekin eta lortutako emaitzarekin. Ikasketa prozesua bukatuta jaso duten tituluak, gainera, Euskal Herri osorako balio die, «mota honetako lehenengoetakoa da». Programan parte hartu izanak, pasioa duen zurgintzan aurrera urratsa egiteko eta bide profesionalera eramateko ateak zabalduko dizkion konbentzimendua du: «Irteera asko ikusten dizkiot arloari, eta gure inguruan galtzen ari da. Nik horri heldu nahi diot». Harago jo du, Euskal Herriaren kulturaren parte den eta galtzear den lanbidean sakontzeko aukera eman diola ikastaroak azaldu du; proiektuaren barruan, gainera, orain arte existitzen ez zen egur arotzeriako tekniken gaineko hiztegi eleaniztuna —euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez— sortu dute, «garrantzitsua da lanbidearekin lotutako terminologia ez galtzeko, eta gu horren parte izatea oso inportantea da niretzat pertsonalki».
Programaren atzean hainbat prestakuntza zentro eta garapen eta enplegu agentzia daude: Peio Martikorena Fundazioa, Les Compagnons d’ Anglet, Bidasoa LHII, Easo Politeknikoa, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila, CIFP San Juan-Donibane, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Saila, Oarsoaldea Garapen Agentzia, Akitania Berriko Mission Locale Pays Basque, eta Nafar Lansareko Doneztebeko agentzia.
Prozesu guztiaren artetik interesgarriena berritutako baserritik egur zaharrak hartu, garbitu, prestatu eta baserria berritzeko berriro erabiltzea izan dela zehaztu du: «Ez dakit zehazki zenbat urte izango dituen, baina orain dela 400 bat urte moztutako egur hori berriz ere erabiltzeko prozesu horretan parte hartzeko aukera izatea ikaragarria izan da. Egungo kulturan zaharra dena berehala erretzen da, behin erabili eta puskatzen bada kito, berria erosten dugu; hau guztiz kontrakoa da. Hartu, aztertu ondo dagoela ikusteko, konpondu, eta berriro baserrira itzuli genuen baserri originala egiteko erabilitako egurra. Politena izan da niretzat».
Lantaldeari egin dio erreferentzia, azkenik, Alvarezek. Haren aberastasunari, zehazki: «Leku ezberdinetakoak ginen parte hartu dugun guztiak, izaera eta adin askotarikoak, eta bakoitzak egin du ekarpena. Ez da erraza izaten taldea sortzea, baina guk lagunarte ederra osatu dugu Baserriberri proiektuaren barruan».
