'Kaka', igandean Gezalan
Korrika Kulturalaren barruko 'komedia ganberroa' jasoko du herriko antzokiak. Gaur, bestalde, haurrentzako txotxongiloak; eta bihar, Lezoko Zinema Ttikia.
'Kaka' taulara eramango duen aktoreen taldea. Lezoko kultur asteburua oparo dator. Gaur (hilak 23, ostirala) bihar eta etzi emankizunak izango dira Gezala Auditoriumean. Horien artetik deigarriena Kaka antzezlana da: Korrika Kulturalaren barruko beka irabazi zuen Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizolak aurkeztutako proiektuak, eta proiektu zena antzezlan ibiltari da, Euskal Herriko antzokietan jada biraka ari delako: Lezoko txanda igandean (hilaren 25ean) izango da, 19:30ean, Gezala Auditoriumean. Sarrerak 8 euroan eros daitezke.
“Komedia ganberroa” da Kaka. Hala definitu dute Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola lanaren sortzaileek. Haiekin batera Mikel Laskurain eta Ainhoa Aierbe arduratuko dira umorez betetako antzezlana oholtzaratzeaz. “Herriko plazan, kaka-mokordo bat agertu da. Kaka azaleratu da eta egoeraren analisia egin behar da. Nork egin du? Noiztik dago hor? Eta orain, zer egin kaka honekin? Noren ardura da? Nori tokatzen zaio marroi hau argitzea? Garbitzea? Kaka-k kaka dakar, eta pentsatzen jarrita…”; hala dio lanaren sinopsiak.
Kaka-z gain, ordea, badira ekitaldi gehiago asteburuan Gezalan. Herriko antzokian goxo egoteko aukera izango da, beraz.
- Gaur (hilak 23, ostirala). 17:15ean, Gezala Auditoriumean, Yarleku Teatro konpainiaren Agur, Peter Pan txotxongilo antzezlana. 3 euro.
- Bihar (hilak 24, larunbata). 17:00etan, Gezala Auditoriumean, Lezoko Zinema Ttikiaren haurrentzako saioa Kayara inka gerlaria animazio filmarekin; ondoren (19:00) helduentzako saioa, Maspalomas filmarekin (sarrerak agortu egin dira).
- Etzi (hilak 25, igandea). 19:30ean, Gezala Auditoriumean, Kaka antzezlana. 8 euro.
