Oiartzungo El Watan elkartasun jakiak biltzen ari da
Saharara bidaltzeko jakien bilketa egin dute berriki, baina,Haurtzaro Ikastolan, Elizalde Herri Eskolan eta Labore Oarson ere jarri dituzte bilketa guneak.
El Wataneko kideak, Alcampon egindako jakien bilketa bitartean.El Watan Oiartzungo El Watan elkarteko kideek Saharara bidaltzeko jakien bilketa egin zuten joan den asteko ostiral eta larunbatean Alcampo saltokian. Gainera, Haurtzaro Ikastolan, Elizalde Herri Eskolan eta Labore Oarson ere jarri dituzte jakiak jasotzeko guneak. “Erantzuna urterokoa izaten ari da. Adibidez, Alcampokoan zortzi palet eta erdi osatu ditugu jakiekin”, zehaztu du El Wataneko Olga Leibarrek. Ikastetxeetan sentsibilizazio hitzaldiak egiten dituzte jakien bilketa kanpaina bitartean. “Badakigu gure ekarpena txikia dela. Baina oso baliagarri zaie haiei”.
Leibarren arabera, inportantea da herritarrek jakitea biltzen duten hori, iristen dela. “Biltzen duguna Donostiako Igarako biltegi handi batera eramaten dugu, han kutxetan sartu eta paletak egiteko. Kamioi bidez, martxo aldean, Alacantera doaz palet horiek handik Tangerrera ontzian eramateko. Han sahararrek hartzen dituzte kamioiak, banaketa egiteko. Jarraipen handia egiten diogu bildutakoari. Hemen biltzen den guzti-guztia hara iristen da”
Leibarrek azaldu du jakien bilketaz aparte, Saharako herriaren aldeko beste hainbat proiektu egiten dituztela. Esaterako, 2025eko azaro bukaera eta abendu hasiera artean han izan ziren, Bixi-Bixikoen antzera. “Bertako agintariekin hitz egin eta haiek emandako zerrendaren arabera beharra dutenei laguntza eman diegu, ur oheak emanaz. Arropa ere banatu zen. Herriko dantzariak izan dira han, eta sei eskolatan dantza jarduerak egin dituzte hango ikasleekin”.
