Proiektu adostu eta eraginkorrak
Donibaneko Bixi-Bixi elkarteko kideak 2025eko azaro-abendu artean Saharan izan ziren. Hango esperientziaren berri eman dute. Proiektu adostu, eraginkor eta denboran iraunkorrak lantzen ari dira.
Bixi-Bixiko kideak, azaro bukaeran, Saharara bidean.Bixi-Bixi Pozik eta harro itzuli dira Saharatik Donibaneko Bixi-Bixi elkarteko kideak. Elkartasun eta lan bidaia egin dute beste behin hara, proiektu zehatzak garatzeko. Euskal Herriko beste hainbat eragiletako kideak ere izan dira han, tartean Oiartzungo El Watanekoak. «Uste genuen ez ginela denera iritsiko. Baina lortu ditugu helburutzat genituenak gauzatzea», azaldu du Bixi-Bixiko Itziar Goienetxeak. Zehaztu du egiten duten guztia Saharako herri osoaren aldekoa dela, eta jarduera denak hango agintariekin adostuak direla. «Hiru urte daramatzagu hango hainbat arlotako ministroekin hitz egiten eta elkarlan esparruak adosten. Gu ez gara nor hara joan eta nahi duguna egiteko. Bereizi behar ditugu Oporrak Bakean-en diren harrera familiek hango haurrei egiten dieten ekarpen zehatza, eta Bixi-Bixik egiten duen lan orokorra. Saharako herria laguntzen dugu guk. Udaletatik eta urtean zehar egiten ditugun jardueretatik lortzen duguna saharar denentzat dira».

Bixi-Bixiko kide bat, Saharako medikuei ezarri duten sistema informatikoaren berri ematen. Argazkia: Bixi-Bixi.
Astebetez izan ziren Saharan Bixi-Bixiko kideak, 2025eko azaro bukaera eta abendu hasiera artean. Hamar kide izan ziren, profil ezberdinekoak, hainbat esparrutan lagundu ahal izateko. «Behar ikaragarria dute. Gero eta egoera zailago eta larriagoak ikusten ditugu. Nazioarteko laguntza murrizten ari da, eta izugarri nabaritzen da hori. Karabanekin-eta lortzen den janariarekin elikatzen dira asko, arrozarekin, pastarekin eta ahal duena oilaskoarekin. Gutxi gehiago dago han», azaldu du Goienetxeak. Tindufeko kanpamentuetan izan dira Bixi-Bixikoak, zehazki, Ausserd gune barruko Tislan eta Agueniten. Proiektu zehatzak garatu dituzte, osasungintza eta hezkuntza eremuetakoak batez ere, duela hiru urtetik martxan dituztenak.
Osasungintzan, urteetan landutako aurrera urratsa egin dute. Ausserd-eko ospitalean gaixoen edo pazienteen historiala jaso eta jarraipena egiteko sistema informatikoa instalatu dute, Osakidetzak hemen duena. Gainera, hango medikuek bigarren iritzi bat beharko balute, Euskal Herriko medikuekin kontrastea egiteko baliabideak ezarri dituzte. Sendagileen falta oso handia dela adierazi du Goienetxeak.
«Hezkuntzari dagokionez ere», jarraitu du Goienetxeak, «irakasle falta dago. Han ez da dirurik. Hilean, gehienez, 50 euro kobratzen ditu irakasle batek. Nola biziko da, bada? Gure neurrian ez, baina han ere ordainketa arruntak egin behar dituzte. Gerran daude, eta hori ere zailtasun erantsia da hango gobernuak dituen baliabide ekonomikoak murritzak direlako. Esan dut nazioarteko laguntza ere murrizten ari dela. Beraz, soldata hobeen bila, bai mediku zein irakasle askok kanpamentuak uzten dituzte beste nonbait lan egiteko».

Bigarren hezkuntzako ikastetxe baten eraberritzean ere jardun dute Bixi-Bixiko kideek. Argazkia: Bixi-Bixi.
Goienetxeak azaldu du horregatik guztiagatik hezkuntza alorrean gabezia nabarmenak dituztela. «Baina garatu dugun programaren bitartez, ziurtatuko dugu Batxilergoa ikasi duen norbait irakasle izatea, batez ere matematikan eta gaztelanian —hango bigarren hizkuntza da— trebatuz. Bi arlo horietan eskolak eman ahal izateko materiala garatu eta eman diegu. Aurten ez dira hasiko; irakasle izan daitezkeen horien maila neurtzeko testak egin dizkiegu, eta iraila-urri aldean lanean hasteko gai izango direla uste dugu». Goienetxeak azaldu du, agian, Euskal Herriko ikuspegitik, programa xumeak izan daitezkeela. «Baina hangoentzat sekulakoa da hori. Jende asko dugu hurbilean ekiteko prest, eta hori baliatzen ari gara han laguntza emateko».
Eraberritzea
Hezkuntzarekin jarraituz, hango bigarren hezkuntzako ikastetxe bat erabat berritzeko denbora ere izan dute. «Sabaia erortzear zuten, ur garbirik ez zuten; bazuten depositu bat, ur zikinarekin. Ur edangarria izan dezaten instalazioa osoa egin dugu. Argi edo iluminazio puntuak ere handitu dizkiegu. Pentsa, eskola oso baterako bonbilla bakarra zuten. Leihoak konpondu dira, eta material didaktikoa ere bideratu diegu. Ez zuten erregela bat, ez zituzten blokak… Fotokopiagailua eraman diegu, musika ekipoa ere bai».
Goienetxeak zehaztu du Oporrak Bakean programaren barruan datozen haurrek, maiz, ikusmen arazoak izaten dituztela, «hori eskoletan duten argi eskasiagatik izan daiteke». Han ikusmen probak ere egin dizkiete hainbat eskolatako haurrei: «500dik gora betaurreko graduatu eraman ditugu, baita eguzkitakoak ere. Behar gehiena zutenei betaurrekoak eman, eta sekulakoa izan da ikustea ia ezer ikusten ez zuten horien erreakzioa. Aurpegi horiek ikusi behar dira». Saharako presoen familiak ere lagundu dituzte, eta 1.000 kilotik gora arropa ere helarazi dute haraino, baita botikak ere.

Saharako erakundeetako arduradunekin harremana izaten dute Bixi-Bixikoek. Ezinbesteko iruditzen zaie haiekin adostea zer nola eragin kanpamenduetan. Argazkia: Bixi-Bixi.
