Pasaia Itsas Festibalaren laugarrena, maiatzaren 14tik 17ra
Itsas eta kultur ondarea goratzen dituen jaialdiaren laugarren edizioa aurkeztu dute gaur Madrilgo Fitur azokan.
Pasaia Itsas Festibalaren laugarren edizioa maiatzaren 14tik 17ra bitartean izango da, Pasaiako badian. Festibala euskal kostaldeko itsas eta kultur ondareari lotutako “hitzordu garrantzitsuenetako” bat bilakatu dela adierazi du Albaolak. Aurten ere egurrezko itsasontziak eta nabigazio tradizionala izango dira festibalaren ardatzak.
Festibala gaur aurkeztu dute, Madrilen egiten den Fitur Nazioarteko Turismo Azokan. Lau egunez Pasaiako badia munduko hainbat tokitatik etorritako itsasontzi tradizionalen topagune bilakatuko da laugarrenez, eta sustatzaileek kultur programazio zabala eraikiko dute, itsasoan eta lurrean. Itsasoko protagonistak, beste behin, itsasontziak izango dira. Lurrean, aldiz, gastronomia, tailerrak, tokiko eta nazioarteko musika, arte eszenikoak, lanbide tradizionalen erakustaldiak eta artisautza azokak onduko dituzte.
Madrilen izan dira Xabier Agote Pasaia Itsas Festibaleko eta Albaolako zuzendaria, Teo Alberro Pasaiako alkatea eta festibalaren presidentea, Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua. Ordezkariek festibalaren ardatz nagusiak aurkeztu dituzte.
Honakoa adierazi du Agotek festibalaren laugarren ekitaldiaren inguruan: “Pasaia Itsas Festibala gure itsas historia bikaina ospatzeko eta hurbiltzeko hitzordu paregabea da. Pasaiak leku garrantzitsua du itsas historian. Mendeetan zehar enklabe estrategiko bat izan da: bertan eraikitzen ziren itsasontzi handiak, eta bertan itsasoratzen ziren ozeanoak zeharkatu eta gure lurraldea munduarekin lotu zuten espedizioak. Garai hartako itsas teknologiarik aurreratuenaren lekuko izan da Pasaia. Gaur egun, ahaztutako jakintza hori guztia berreskuratzea eta transmititzea da gure egitekoa. Pasaia Itsas Festibala bezalako proiektuek ahalbidetzen dute ondarea berriro motor kultural, sozioekonomiko eta turistiko izatea, eta bere itsas ondarea elkarrekin ospatzea”.
Bestalde, Alberrok Pasaiak itsasoarekin duen betiko lotura balioan jarri du: “Pasaia Itsas Festibala gure herriak itsasoarekin duen harreman estu eta historikoan dago sustraitua. Jaialdi honen bidez, Pasaiako itsas ondare material eta immateriala balioan jarriko dugu aurten ere, ikuspegi kultural eta komunitariotik. Bi urtean behin, festibalean parte hartzen duten beste itsas kultura batzuekin harremanak eta sinergiak sortzeko aukera izaten dugu. Lau barrutiek identitate propioa izan arren, guztiek partekatzen dute itsasoarekiko lotura sakona, eta jaialdiak lotura hori ospatzeko eta kultura desberdinen arteko elkarrizketa sustatzeko espazio bat eskaintzen du”.
Historia
Mendeetan zehar, Pasaiakoa Bizkaiko golkoko portu natural onenetako bat izan zela gogorarazi du Albaolak. Badiatik espedizio asko irten ziren Ternuarantz, eta bertan galeoi handiak eraiki ziren. Pasaiako uretan itsas jarduera bizia garatu zela oroitu dute: teknologikoki aurreratua, eta arrantzari, merkataritzari eta itsas eraikuntzari lotua.
Gaur egun, ondare immaterial hori berreskuratzeko “etengabeko lanean” ari dira Albaolan. Iniziatiba nabarmenen artean San Juan baleontziaren erreplikaren eraikuntza ezarri dute, iragan azaroan uretaratu zena. Botaduraren ondoren, Albaola hurrengo proiektuarekin lanean jarri zen: Ozentziyo atunontziarekin. Donostiako portuko egurrezko azken itsasontzia da Ozentziyo, eta Albaolan zaharberrituko da, jendaurrean.
Pasaia Itsas Festibala itsas eta kultur ondare partekatu horren ospakizun gisa sortu zela adierazi du Albaolak. Jaialdiak iraganeko garaiak ekarriko ditu gogora, baina bere begirada garaikidea dela baietsi dute; izan ere, Pasaiak itsasora begira jarraitzen du egun merkataritza postuekin, arrantzarekin, Albaolako ontziola museoarekin edota estropadekin.
