Patata Tropikala, antzerkiaren bidez mundua eraldatuz
Patata Tropikala 2008an sortutako antzerki laborategia da. Iker Etxarrik eta Judith Povesek kudeatzen dute, eta igandean konpainiaren 16. obra estreinatuko dute: 'Lamiaren ispilua'.
Patata Tropikala Iker Etxarri sanpedrotarrak, Judith Poves gasteiztarrak eta Joan Montaner mallorcarrak sortutako antzerki laborategi pasaitarra da. Proiektua Bartzelonan sortu zen, 2008an, txotxongiloak erabiliz haurrentzako antzerkia egiteko asmoarekin. Hirukotea Kataluniatik Mallorcara joan zen, eta bertan sortu zuten konpainiaren lehen obra: Baso sorgindua. 2009an Etxarrik eta Povesek Euskal Herrira itzultzeko hautua egin zuten, eta, egun, biek kudeatzen dute Patata Tropikala, Trintxerpeko Arrandegi kalean duten lokaletik. Bertan ontzen dituzte obra eta antzezlan guztiak.
Etxarrik eta Povesek bizitza guztia daramate antzerkigintzan lanean, eta gazte zirela murgildu ziren unibertso horretan. Bakoitzak bere sorterrian eman zituen lehen pausoak, eta Bartzelonako Berty Tobias Estudios de Teatre eskolan elkartu ziren beren bideak. Ordutik, Patata Tropikalak 17 urteko ibilbidea osatu du. Bide hori «errusiar mendi» baten antzekoa izan dela aitortu du Etxarrik, momentu on eta txarrekin. 2009an, motxila ilusioz bete eta Euskal Herrirako bidea hartu zuten. Hasiera, baina, latza izan zen, ez zutelako inor ezagutzen. Taldearen lehen antzezlanarekin itzuli ziren etxera, Baso sorgindua obrarekin, baina kontakturik ez zutenez, produktua mugitzea kostatu zitzaien. Hasiera maldatsua izan arren, herriko festetan formatu txikiagoko pieza bat sortzea proposatu zieten, eta Amona Joxeparen istorioak lana egin zuten. Bidea egiten hasi ziren.
Ordutik, hamabost obra sortu eta ekoitzi dituzte, eta hamaseigarrena egin berri dute: Lamiaren ispilua. Antzezlan hori igandean (hilaren 25ean) estreinatuko dute Donibaneko Juanba Berasategi aretoan, 17:30ean. Mitologia du ardatz, eta Lamiak bidaia bat egingo du bere nortasuna topatzeko eta den bezalakoa onartzeko. Sarrerek hiru euroko prezioa dute, eta Bibe plataforman eskuratu behar dira. Taldeak duen beste berezitasun bat da sortutako obrak ez dituztela «jubilatzen», eta, egun, aldi berean hamar obra mugitzen ari direla kontatu dute.
Bartzelonako eskolan mugimenduak eta sormenak berebiziko garrantzia zutela jakinarazi du Povesek, eta bi aspektu horiek ere funtsezkoak dira Patata Tropikalaren jardunean. Gehienbat txotxongiloekin eta maskarekin egiten dute lan, baina antzerki laborategi bat direnez, ez dira soilik horietara mugatzen. Antzerki laborategiek gauzak probatzen eta esperimentatzen dituzte, horiek antzezlanetan txertatu ahal izateko, eta horixe da, hain zuzen, pasaitarrek egiten dutena. Urteen poderioz ikusi dute «oso ondo» funtzionatzen duela teknika ezberdinak nahastea, eta antzezlanetan txotxongiloek, maskarek edota aktoreek hartzen dute parte, eta dantzak ere pisua izan ohi du. Pandemia garaia latza izan zen Patata Tropikalarentzat, eta «ia-ia ito» egin zirela kontatu du Etxarrik. Etsipenari bidea eman ordez, irudimena martxan jarri zuten Etxarrik eta Povesek, eta «konstantziak eta sormenak salbatu» egin zituen. Garai horretan itzalekin lanean hasi ziren, eta egun ere horretan dihardute.
Patata Tropikalak «gauzak eraldatzeko tresna gisa» darabil antzerkia. Hori dela eta, «espiritu kritiko batetik» sortzen dituzte obrak, gizarte gaiekin konprometitutako antzerkiaren aldeko apustua eginez. Bide horretan, naturarekin edota feminismoarekin lotutako gaiak landu ditu konpainia pasaitarrak, eta aldaketa klimatikoan, itsas hondakinetan edota emakumeen aurkako indarkerian arreta jarria dutela baietsi du Etxarrik. Horrez gain, tximeletak baliatuz, hiru ipuin antzeztu sortu zituzten, eta genero identitatea, norbere burua maitatzea eta gozamena landu zituztela adierazi du Povesek. «Antzerkia erreminta bat bezala hartzen dugu gure munduko ikuspuntua emateko, mundua eraldatzeko, eta gure hazia jartzeko. Gauzak kontatu eta pentsamenduak aldatu nahi ditugunez, jendeari jarrera kritiko bat sorrarazi nahi diogu», hausnartu dute bi sortzaileek.
Antzezlan gehienak publiko familiarrari begirakoak direla zehaztu du Etxarrik, gehienbat 2 eta 12 urte arteko haurrak dituztenentzat. Gazteenak txotxongiloekin, panpinekin eta mugimenduarekin «txundituta» geratzen direla nabarmendu du sortzaile sanpedrotarrak, eta koskorragoak, aldiz, mezuarekin geratzen dira.
Eta hala ez bazan?
Sortzen dituzten antzezlanez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen Kultura Eskolaren programaren barruan dago Patata Tropikala, Irungo Parean elkartearekin batera. Ikastetxez ikastetxe doaz, gelaz gela, Gipuzkoa osoan barrena. Programa horren barruan, bi antzezlan sortu dituzte, DBHko ikasleei begirakoak: Txanogorritxo eta Edurnezuri. Proiektuak Eta hala ez bazan? du izena, eta bere helburua da ipuin tradizionalak aldatzea, gazteen iritziak jasotzeko. Bi antzezlan horiekin «beldurra kalean eta presio estetikoa» lantzen dituztela jakinarazi du Etxarrik.
Bidea momentu askotan «oztopoz betetakoa» izan arren, bidea egiten ari da Patata Tropikala, topatu dituzten aurkakotasun guztiei aurre eginez. Protagonistak ziur dira «konstantziarekin eta egitearen poderioz» lanak fruituak ematen dituela. Antzerkia bizimodu bat da haientzat, eta bidea egiten jarraitu nahi dute.
