Trintxerpe Atletikok hamar bizikleta eman ditu Senegalera bidaltzeko
Trintxerpeko klubak Baobab Elkarteari eman dizkio txirringa horiek, eta iniziatiba solidario horren helburua da Senegalera 1.000 bizikleta bidaltzea.
Trintxerpe Atletiko Klubak hamar bizikleta eman dizkio Baobab Elkarteari, Heziketarako Bizikletak – Baobab Euskal Herria izeneko proiektuaren barruan. Iniziatiba solidario horren helburua da Senegalera 1.000 bizikleta bidaltzea, “hezkuntza, mugikortasun iraunkorra eta gizarteratzea sustatzeko”.
Trintxerpe Atletikoko kideek erabilitako bizikleten bilketa solidarioa egin zuten, horiei bigarren bizitza bat emateko. Egitasmoa Trintxerpe Atletiko Klubaren, Pasaiako Udalaren, Ortzadar zentroaren eta Garberaren arteko lankidetzari esker garatu da.
Trintxerpe Atletikok nabarmendu du “garrantzitsua” dela gizarte erakundeen, erakunde publikoen eta eragile pribatuen arteko elkarlana, “komunitatean eragin positiboa duten proiektuak bultzatzeko”. Udalak ere “positibotzat” jo du mota horretako gizarte proiektuetan parte hartzea, bizikleta horien dohaintzaren bidez, Baobab Elkarteko erabiltzaileen “autonomia, hezkuntzarako sarbidea eta bizi kalitatea lagunduko” baitira.
