Ilargi eta Aria Niessenen, otsailaren 7an
Oarsomusikak antolatu du emanaldia eta sarrerak salgai daude 12 euroan.
Oarsomusika elkarteak antolatuta, kontzertua emango dute Ilargi eta Aria taldeek otsailaren 7an. Niessen auditorioan izango da, 21:00etan hasita eta sarrerak salgai daude 12 euroan (klik hemen).
Musikaren munduan 2019an hasi zen Ilargi lezoarra kontzertu akustikoak egiten, euskal doinuen bertsioak egiten eta abesti propioak sortzen. 2021ean atera zuen bere lehen diskoa Killasisa; 2022an heldu zen Beldurrarekin dantzan. MIN sarietan finalaurrekora heldu zen euskarazko disko onenaren kategorian; MIN sariak artista berriak publiko berriei ezagutarazteko, musika gizarteari hurbiltzeko eta sormen jardueraren onarpena sustatzeko sortu ziren duela 17 urte. Gaztea Maketa lehiaketan finalista gai hautatu zuten. Garai horretan Mikel Zubiria bateria jotzailea eta Manu Moro gitarrista batu ziren proiektura.
Hirugarren proiektua du oraintxe esku artean, Dolu(s)min. Horretan Eskuhutsik eta Iñurri elkarteek hartu dute parte, eta kanta bateko ahotsa dira Ines Osinaga eta Marina Landa. Disko horretan doluaren gaineko unibertso bat sortu nahian dabil, tabuarekin bukatzeko.
Ariaren atzean, Marina Landa kantautorea dago. 2023an sortu zuen musika proiektua, eta urte horretan bertan Urdin diskoa plazaratu zuen. Iaz berriz, Aurrera begira diskoa aurkeztu zuen Uhara eta Dantzaren iraultza singleekin. Marina Landarekin batera, Iñaki Ortego (teklatuak) Iñaki Olaskoaga (gitarra) eta Ion Larrañaga (bateria) ari dira taldean.
