Jesusen Bihotza zaharren egoitzako auzia, plenora
Herritarrek aurkeztutako mozioa aztertuko du plenoak bihar; langileek hitza hartuko dute behin plenoa bukatuta alkatearekin hala adostuta.
Jesusen Bihotza egoitzako senideen elkarretaratzea aldundi aurrean. Greban dira Jesusen Bihotza adinekoen egoitzako langileak, lan baldintza duinak ezar diezazkieten eskatzeko. Langileengan bai, baina egoiliarren zaintzan ere eragin zuzena du lan baldintza duinak ez izatea, horien ezean ezinezkoa baita bermatu egokia izango den arta. Plenora eramango dute gaia bihar, herritarrek aurkeztutako mozio bidez. Gainera, saioa bukatutakoan hitza hartuko dute egoitzako langileek egoera lehen eskutik kontatzeko udal areto nagusian.
Gai bakarra ez, baina garrantzitsuena hori biharko udalbatzaren ohiko osoko bilkuran. Horrekin batera, zazpi puntu gehiago, alderdi sozialistaren interpelazio bat, Errenteria-Oreretan lokalen erabilera etxebizitzara aldatzeari buruzkoa, eta mozio bat, Errenteria-Oreretan bizikletaren erabilera bultzatzearen gainekoa.
Saioa irekia izango da, eta streaming bidez ere jarraitzeko aukera izango da (klik hemen).
