Bokalek bideo bat egin du Batuz Aldaturen adierazpena jasotzeko
Adierazpenak euskararen etorkizuna bermatzeko itun soziopolitiko berri baterako oinarriak jasotzen ditu, eta Bokalek eskaintza bere egin du.
“Euskara larrialdian eta beste indarraldi baten beharrean dagoela eta”, hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko itun soziopolitiko berri baterako eskaintza aurkeztu zuen Batuz Aldatu taldeak iazko irailean. Bokalek, Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak, itun soziopolitiko berrirako eskaintza hori bere egin zuen iragan azaroan. Eskaintza horrek, “adostasun sozial zabalez, euskarari etorkizuna emango dion hizkuntza politika baterako oinarriak” proposatzen dituela adierazi du Bokalek.
Hauexek dira Batuz Aldatuk sortutako dokumentuaren oinarriak: ezagutza orokortzea, herritar orok euskara ezagutzeko, eta euskara normal erabiltzeko baldintzak eratzea. “Paradigma aldaketa bat, besteak beste, estatusaren auziari ere sendo helduko diona”, esan dute.
Gauzak horrela, Bokalek bideo bat egin du Batuz Aldatuk adierazpenean jasotakoak azaltzeko eta oinarri horiek bere egin dituztela adierazteko.
