Lan eta zaintza duinerako prototipoa, komunitate batek sortua
Etxekolan egitasmoaren bidez lan eta zaintza duina ezartzeko bitartekoak ezarri dira 2018tik. Hortik abiatuta, eta hainbat eragileren ekarpenarekin, eredu izango den euskarria sortu dute.
Oarsolanen egoitzan egin da agerraldia. Irudikoak, parte hartzaileak. 2018an aktibatu zuen Oarsolan Enplegu eta Inklusio Zentroak Etxekolan zerbitzua, etxeko langileek eta zaintzaileek duin lan egiteko helburuz, eta ondorioz, zaintza behar dutenek arta duina jasotzeko; etxeko lanean eta zaintzan dabiltzan pertsonen, eta langile bat kontratatu nahi duten familiei begirako doako aholkularitza eta bitartekaritza zerbitzua da finean, langileen eskubideak bermatzeko, haiei prestakuntza eta orientazioa emateko, eta familiei laguntza eskaintzeko: 1.239 langabe eta familia lagundu dituzte 2018tik. Jada zortzi urte bete dituen Etxekolanekin aurrera urratsa egin dute, hura prototipatuz. “Gaur aurkeztutako prototipoak”, esan du Oarsolaneko zuzendari eta Etxekolanen arduradun Patxi Arrazolak, “urrats bat harago joateko balio du. Eskualde mailako baliabideen mapa bat garatu dugu, Etxekolan beste lurralde batzuetan ere eredu gisa aplikatzeko aukera irekiz”. Beraz, orain arte egindako bidea oinarritu, dokumentatu eta era eraginkorrean jaso dute, tokiko politiketan aplikatu ahal izateko eta beste herri edo eremuetan erabili ahal izateko. Horrela, zaintza arduratsuaren sareak oinarri sendoa du eskualde bidezko eta solidarioagoa izateko bidean.
Oarsoaldea Garapen Agentziaren enplegu zerbitzuaren egoitzan, Oarsolanen, egin dute prototipoaren aurkezpena. Bertan izan dira azalpenak ematen Aizpea Otaegi Errenteriako alkate eta egungo Oarsoaldea Garapen Agentziako presidentea, Teo Alberro Pasaiako alkatea, Mikel Arruti Lezoko alkatea, Olaia Lasa Oiartzungo Udaleko alkateorde eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, Marling Castillo SOS Arrazakeriako ordezkaria, eta Patxi Arrazola Oarsolanen zuzendari eta Etxekolanen arduraduna. Zaintza arduratsurako eskualdeko inklusio sarearen kide dira eragile horiek guztiak. Etxekolanen garapena sarean egikaritzen da, eta prototipoa ere hala egin dute, saretzetik: SOS Arrazakeriak, Oarsoaldeko lau udalek, eskualdeko Garapen Agentziak, Deustuko Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanetik sortutako lana da, “mundu akademikotik tokiko politiketara egin daitekeen ekarpenaren isla”. Kutxa Fundazioaren ekarpen ekonomikoa izan du.
Gaia testuinguruan jarri du Aizpea Otaegik. “Zaintza gure eguneroko errealitatearekin lotutako funtsezko eginkizuna da, zaintzarik gabeko gizarterik eta bizimodurik ez da. Bizitzako uneren batean edo bestean pertsona guztiei egokitu zaigu bai zaintzea, edo zainduak izatea”, adierazi du. Errealitate demografikoari ere erreferentzia egin dio Errenteriako alkateak, “geroz eta heldu gehiago gara. Pertsonak gero eta gehiago bizi gara. Esan dezakegu, beraz, zaintzarena badela gure gizartearen erronka garrantzitsuenetakoa”.
Zaintza duinik ez da, zaintza lana duina ez bada; “ez dira aparteko kontzeptuak”, zehaztu du Otaegik. Zaintza lanak profesionalizatzean lan harreman egokiagoak sortzen direla azaldu du garapen agentziaren presidenteak, “zaintza egokirako ezinbesteko bermea da”. Baina zaintzarena sektore feminizatu eta prekarioa dela azaldu du Otaegik, eta Etxekolan zerbitzuaren bitartez horri aurre egiteko baliabideak ezarri direla.

SOS Arrazakeriako Marling Castillo (erdian), gaurko agerraldian azalpenak ematen.
Datuak
Agerraldian hainbat datu eman dituzte. Esaterako, Gipuzkoan 9.040 emakume daudela etxeko langile gisa Gizarte Segurantzan erroldatuta (arlo horretako langileen %93 dira), eta horietatik %66 pertsona migratuak direla; Oarsoaldean 436 dira sektore horretan langile. Gipuzkoan, etxeko edo zaintza langile horien %36k ez du lan kontraturik, eta %83k lanarekin lotutako osasun ondorioak jasaten ditu. Etxe barruko langileak (internak) 64 orduz aritzen dira lanean astean, eta dagokiena baino %38,88 gutxiago kobratzen dute.
SOS Arrazakeriak era aktiboan parte hartu du Etxekolanen ezaugarritze eta garapenean, nahiz gaur aurkeztutako prototipoaren egikaritzean. Bertako Marling Castillok nabarmendu du konbikzio osoz bat egin dutela egitasmoarekin “Azken bi urtean landu da prototipatzea eskualdean, eta horretarako diagnostikoa egin da. Oarsoaldeko langileen, erakundeen eta eragile sozialen entzute aktiboa egin da horretarako, behar errealak identifikatu, dauden baliabideak ezagutu, eta hutsuneak non dauden zehazteko etxeko langileen eta zaintzaren esparruan. Ez gara zerotik izan lanean, Etxekolan martxan zelako. Beraz, egin duguna izan da zerbitzu horri gako berriak ematea, metodologia berriak ematea, beti ere langileen eskubideak eta arrazakeriaren kontrakotasuna garbi geldituta, erdigunean pertsona zaintzaileak nahiz zainduak jarriz. Beraz, gaur aurkeztu duguna jakinduria kolektibotik eratorritako egitasmoa da, eta modelo bizia, errebisagarria, eta etenik gabe eraikitzen joateko izaera du”.
Akademiak, gizarte interbentzioak, eta erakundeen ekiteko ahalmenak bat egin dute prototipoaren garapenerako, “horrek demostratu du zerbitzu publikoak diseinatzeko aukera dagoela errealitatetik abiatuta, entzute komunitariotik, eta agenteen arteko elkarlanetik. Denak, erantzukizunetik”. Justizia sozialean jarri du fokua Castillok, “zaintza duinak ematea, horretan lanean dabiltzanen eskubideak bermatzetik iristen da”.
Hizkuntzak, euskarak, tokia du Etxekolanen. Etxeko langileei ematen zaien formazio teknikoaz gain, eta orientazio eta laguntza guztiaren artean, euskaraz aritzeko baliabideak ere errazten dizkiete, “zein hizkuntzatan zaintzen dugun, edo zainduaren hizkuntza zein den kontuan hartzea inportantea da”, esan du Aizpea Otaegik. Zentzu horretan, osatu den baliabideen mapan euskara non eta nola ikasi, eta hizkuntzara hurbiktzeko informazioa ere badago. Zaintza eta etxeko langileen zereginei espresuki lotutako hiztegia ere landu da “hizkuntzari behar duen tokia aitortzeko”. Zaintzaileei euskarazko prestakuntza ikastaro trinkoak ere ematen zaizkiela azaldu du Patxi Arrazolak.
Aurkezpenaren izaera osatzeko Teo Alberro alkateak esan du zaintzarena ez dela pertsonen arazo indibiduala, “gizarte osoari dagokion arloa da. Erronka kolektiboa da”. Hala, Pasaiako agintariak esan du udaletatik eta udal zerbitzuetatik ere eragin behar dela zaintzaren gainean, “sektore prekarizatu eta feminizatua da. Gai horri erakunde bezala erantzuna eman behar diogu. Proiektu honek hori ahalbidetzen du”.
Lezoko alkate Mikel Arrutiren arabera, zaintzaren eremua askotarikoa da, “eta katebegi zaurgarrienetakoa etxeko zaintzarena, eta horretan lan egiten dute pertsonena. Haien errealitatea anitza eta konplexua da. Beharrezkoa da hori azaleratzea. Zaintza-lana benetan duin izateko, lan baldintzek ere duinak izan behar dute. Komunitatearen ardura ere bada hori, eta administrazio publikoek badugu horretan zer egin. Ez da soilik udalerri baten lana, eskualde mailan ere landu behar da”.
