Albaolak berriro irekiko ditu ateak, 'Ozentziyo' zaharberritzeko
Lanerako eta eraldaketarako denbora bat hartu ondoren, bihar zabalduko dira ontziola museoko ateak. 'Ozentziyo' atunontziaren zaharberritzea izango da etapa berriko proiektu nagusia.
Lanerako eta eraldaketarako denbora bat hartu ondoren, Albaola Itsas Kultur Faktoriak bihar (ostirala, hilak 30) irekiko ditu ontziola museoko ateak. Bihartik aurrera fase berri batean murgilduko da Pasaiako faktoria, Ozentziyo atunontziaren zaharberritzearekin hasiko baitira. Ontzi hori izango da etapa berriko proiektu nagusia, eta urtebete inguru iraungo du.
Ozentziyo Donostiako portuko azken egurrezko arrantza ontzi tradizionala da. Albaolak 2015ean erreskatatu zuen atunontzi hori, desegiteko zorian zegoenean. Ontzi horrek, bere kroskoan, kostako arrantza eta portu ekosistemarekin estuki lotutako eta belaunaldiz belaunaldi arrantzaleek metatutako ezagutza tekniko eta soziala gordetzen duela jakinarazi du Xabier Agote Albaolako presidenteak. “Zaharberritze integral hau eta honekin batera aurkeztuko den erakusketak itsasoarekiko harreman mota bat ulertzeko aukera emango du, baita kostaldeko baxurako arrantzaren unibertsoan murgiltzeko aukera ere”, baietsi du presidenteak.
Albaolaren etapa berriaren xehetasunak gaur aurkeztu dituzte Xabier Agote Albaolako presidenteak, Teo Alberro Pasaiako alkateak, Iñigo Puerta Jesus Puerta armadore ohiaren anaiak, Izaskun Goñi Pasaiako Portu Agintaritzako lehendakariak, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak eta Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusiak.
Albaolaren etapa berria San Juan baleontziren botaduraren ondoren iritsi da. XVI. mendeko ontziaren uretaratzea iazko azaroaren 7an izan zen, eta botadura horrekin bukatu zen San Juan-en lehorreko eraikuntza, uretako fasean murgiltzeko. San Juan Pasaiako badian da une honetan, portu eremuan, jendaurrean bisitagarri bihurtu aurreko azken fasean, nabigagarritasuna ahalbidetuko duen ekipamendu osoan zentratuta.
San Juan-en eraikuntza azken fasean sartu da, eta ontziaren funtsezko elementuak lantzen ari dira orain: mastak eta kabiak, esaterako. Baleontziaren eta haren historiaren erakusketak ere irekita jarraituko du bihartik aurrera. San Juan ontzia, gainera, udaberri aldera ikusgai eta bisitagarri egongo dela aurreratu du Agotek. Azken urratsa Kanadara joatea izango da,
San Juan eta Ozentziyo elkarrekin biziko dira datozen hilabeteetan. Bi proiektuek, testuinguru historiko ezberdina badute ere, helburu bera dutela gogorarazi du Agotek: “Euskal itsas ondarea babestea, lanbide tradizionalak bizirik mantentzea eta herritarrak iraganarekin, orainarekin eta etorkizunarekin lotutako ezagutzak partekatzea”.
Museoak bere ohiko ordutegia izango du bihartik aurrera: astearte eta igandeetan, 10:00etatik 14:00etara; asteazkenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara; eta astelehenetan itxita egongo da, jaiegunetan eta bezperetan izan ezik. Sarrerak eta erreserbak aurrez egin ahal izango dira Albaolaren webgunearen bidez.

