Lezo, etxebizitza arloko eremu tenkatu
Bihar-etzi artean izango da Lezo ofizialki etxebizitza arloko eremu tentsionatu. Alokairuzko etxebizitzen merkatuan eragin ahal izango du udalak.
Mikel Arruti Lezoko alkatea, Tolosako eta Hernaniko alkateekin, eta Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuarekin gaurko agerraldian. Bihar (ostirala) eta etzi artean, etxebizitza arloko eremu tenkatu edo tentsionatu izango da Lezo ofizialki. Hala jakinarazi du gaur Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendarako sailburuak. Izendapenaren harira agerraldia egin dute gaur Hernaniko udaletxean Itxasok berak, Lezoko alkate Mikel Arrutik, Xabier Lertxundik (Hernaniko alkatea), eta Andu Martinez de Rituertok (Tolosako alkatea). Izan ere, Tolosa eta Hernani ere izendatuko dituzte, Lezo bezala, eremu tenkatu datozen orduetan. Horrela, Oarso Bidasoko herrien artetik eremu tenkatu izango den hirugarrena izango da Lezo, Errenteria-Orereta eta Irun jada badirelako; Pasaiaren eskaera tramitazio fasean da.
Lau agintariek egindako interbentzioetan hainbat ideia nabarmendu dira: etxebizitzarena herritarren artean lehen mailako egiturazko arazoa dela; oinarrizko eskubidea dela; eskubidea denez, etxebizitzaren gaineko espekulazioak ez duela tokirik; eta etxebizitzaren arazoari irtenbidea eman nahi bazaio, egiturazko arazoa denez, askotariko neurriak ezarri behar direla eremu publikotik. Hala, herriak eremu tentsionatu izendatzeak etxebizitzaren arazoa ez duela errotik soluzionatuko adierazi dute hiru alkateek eta sailburuak, baina badela bide horretan urrats bat. “Gizartearen zati zabal baten arazoa da etxebizitzarena”, berresi du Mikel Arrutik. Hark bezala, Tolosako nahiz Hernaniko alkateek hitz egiteko tartea hartu dute, etxebizitzaren gaineko problematikaren eta hartutako neurrien azalpenak haien herriaren errealitatera eramanaz.
Izendapenaren eskaera egiteko, hainbat aurre-lan egin behar izan dituzte udalek. Horien artean, herrietan, kasu honetan Lezon, etxebizitzaren gaineko diagnostikoa egitea, eta hiru urteko etxebizitza plana egitea. Arrutik azaldu du, egindako diagnostikoaren arabera Lezon etxebizitza eskuratzeko 534 eskaera aktibo daudela, eta eskatzaile horien artetik %51 ez dagoela Lezon erroldatuta; eskaeren artean, %56,6 alokairuzko erregimena nahi dutenak dira. “Jakina da Lezo Donostiatik hurbil dela. Hango etxebizitzen prezioen igoerek eragina izan dute Lezon. Egun alokairuzko etxebizitza bat topatzea Lezon ez da batere erraza, prezioagatik, baita etxebizitzen kopuruagatik ere”. Gainera, alkateak zehaztu du herrian 208 etxebizitza huts identifikatu direla. “Eremu tentsionatu izendatzeak tresna juridiko eta administratiboak eskaintzen dizkigu udaloi alokairuaren prezioetan eragiteko”.

Hedabideen artean ikusmin handia eragin du agerraldiak.
Datozen hiru urteetarako diseinatutako ekintza planaren berri ere eman du alkateak. Horren arabera, nabarmen jarri du Arrutik hutsik diren 208 etxebizitza horiek mobilizatzea dutela helburu, alokairuen merkatuan txertatzeko. Azaldu du herriko bizitegi parke osaren %7,44 direla horiek, eta 175 herrigunean daudela, “horrek handitu egiten du alokairu eskaintza areagotzeko berehalako baliabide gisa duten potentziala”. Baina hori planaren orrialdeetan idazteak soilik ez du inolako bermerik ematen. Asmo den horrekin batera, neurriak behar direla azaldu du alkateak. Etxebizitza horiek mobilizatzeko udalak pizgarrien eta neurri fiskalen konbinazioa aurreikusi ditu: Bizigune programan sartutako etxebizitzei Ondasun Higiezinen Zergan %50 hobaria aplikatuko zaie, eta programa horretan sartu ez eta hutsik jarraitzen duten etxebizitzen jabeei %100eko errekargua. “Neurri horiek izango duten eragina aztertuko da, inor bizi ez den etxebizitzen kanona ere aplikatu beharko litzatekeen baloratzeko, Azpeitiak egin duen bezala”.
Oarsoaldea mailako Etxebizitza Bulegoa aurten abian jarriko dela dela iragarri du Arrutik. “Bulego horren zeregina izango da udalak eskaintzen dituen diru laguntzen eta beste erakunde batzuek dituzten programen berri ematea, eta herritarrei arreta ematea”.
Etxebizitza hutsak mobilizatu bakarrik ez. Berriak ere egingo dira. Hala, zehaztu du Olatzar eremuko babes ofizialeko 33 etxebizitzak eta 24 tasatuak udaberrian entregatuko direla, eta gainera, eremu horren inguruan babes ofizialeko beste 33 egitekoak direla. Isasti aldean beste 26 tasatu eraikiko direla jakinarazi du. Horrez gain, Aralar kaleko zuzkidurazko eta gazteentzako diren 52 etxebizitzen gaia desblokeatzeko bidean dela jakinarazi du, udalak jada jaso duelako Eusko Jaurlaritzaren partetik obrarako lizentzia eskaera.
Nola eragingo die herritarrei?
Eremu tentsionatu izendapenak udalei arlo juridiko eta administratiboko lanabesak emango dizkie, baina bakarrik alokairuzko etxebizitzen merkatuan eragiteko. Arrutik berretsi du etxebizitzaren arazoari ez diola erabateko soluziorik emango izendapenak, baina urratsa izan daitekeela uste du, batez ere alokairuaren merkatuan, gazteek adibidez emantzipatzeko aukera errazago izan ditzaten.
Hala, etxebizitza arloan herri tenkatu izateak alokairu berrien prezioetan mugak ezarriko ditu besteak beste, Gipuzkoan jada indarrean den erreferentziazko indizeari jarraiki. Gainera, etxebizitzetako maizterren kontratua bukatzean, hitzarmena berritzean horren ordura arteko prezioa mantendu beharko dute etxebizitzen jabeek; maizter aldaketarik balitz, aurreko maizterrek hilero ordaintzen zutenaren diru kopuru berbera ordaindu beharko dute, “maizter aldaketak direnean prezioek aurrekoekin indexatuta egon behar dute”, zehaztu du Denis Itxasok. Gainera, eremu horietan ezingo da etxebizitza turistiko lizentziarik eman. Itxasok nabarmendu du izendapenaren barruan dauden udalerrietan alokairuan diren etxebizitzetako jabeek ezarritako arau horiek betetzen ez badituzte, isunak jasoko dituztela “jende asko dugu Jaurlaritzan etxebizitza horien kontrola egingo duena”.
