Lezo Sahara Batuz festa, ostiralean
17:30etik aurrera Saharako errealitatea herrira ekartzeko festa egingo dute Gurutzearen Santuaren plazan. Harrera familiak behar dira.
2025eko udan Lezon eta Donibanen izan ziren Saharako haurrei Pasaiako udaletxean egin zitzaien harrera ekitaldia. Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan bizi duten errealitatea ezagutzeko, eta aldi berean Saharako haurrak udan harreran jaso nahi dituzten familiei informazioa emateko nahiz horien atxikimendua lortzeko, Lezo Sahara Batuz festa egingo dute Lezon ostiralean (hilaren 6an). Arratsaldeko ekitaldiak izango dira, Gurutze Santuaren plazan (eguraldi txarrarekin Karlos Saldise plazan). Lezo Sahara Batuzek eta Donibaneko Bixi-Bixi elkarteak elkarlanean antolatu dute festa.
17:30ean ekingo diete jarduerei, haurrentzako tailer eta henna tatuaje gunearekin. 18:30ean saharar meriendarekin indarberritzeko aukera izango dute partaideek. Gainera, Iñaki Labaka kantautore lezoarrak emanaldia eskainiko du. “Gauza askoz gehiago izango dira”, adierazi dute antolatzaileek.
Harrera familiak behar dituzte Saharako haurrek. Oporrak Bakean egitasmoaren bitartez jada harrera familia izan nahi duten horiek izena emateko aukera dute, Saharako umeek uda duina izan dezaten, eta Euskal Herriko egonaldia bitartean basamortuko urte osoko errealitateari (bizitzari, klimari, gerrari…) aurre egiteko behar-beharrezko duten indarraldia jasotzeko.
HITZAk Lezo Sahara Batuz taldeko Haizea Etxeberria Isasari eta Iratxe Lopetegi Mansori elkarrizketa egin zien, Oporrak Bakean programa ardatz izanda. Jarraian, haiek esandakoekin bideoa ikus daiteke.
