'Las Hijas de Amari' liburua aurkeztuko du Sergio Pereirak
Idazle pasaitarrak lau barrutietan aurkeztuko du sortu duen eleberri berria. Irakurleak antzinako Baskoniara bidaiatuko du.
Sergio Pereira Zumalakarregi idazle pasaitarrak Las Hijas de Amari liburua argitaratu eta Pasaiako lau barrutietan aurkeztuko du datozen egunetan. Hilaren 12an Trintxerpeko liburutegian izango da idazlea, 19:00etan; hilaren 19an San Pedroko liburutegian, 19:00etan; martxoaren 5ean Donibaneko liburutegian, 19:00etan; eta martxoaren 10ean Antxoko liburutegian, 19:00etan. Eleberria Pasaian aurkezteaz gain, Pereira Errenteria-Oreretan, Oiartzunen, Lezon, Irunen eta Donostiako Altza eta Egia auzoetan izango da.
Las Hijas de Amari-k antzinako Baskoniara bidaiatuko du, lurraldea erromatar inperioaren menpe zegoen garaian girotuz. Irakurlea I. mendera eramango du Pereirak, erromatar inperioak jabetza osoa zuen unera. Denbora historikoaren erabilerak eta Neron eta Vespasiano bezalako figurak sartzeak liburuari “sakontasuna eta errealitatea” eman diotela adierazi du idazleak. Eleberri hau Saltus Vasconum trilogiaren lehen atala izango dela aurreratu du Pereirak.
Sinopsia: Baskoien lurraldea erromatar inperioaren mende dago duela mende bat baino gehiagotik. Bi herrien arteko harremanak baketsuak eta adeitsuak izan dira orain arte, baina Erromaren handinahiak ez du mugarik ezagutzen, eta laster, agintari batzuen arteko ezinikusiek adiskidetasun hori hautsi egingo dute. Manex, Ortu ehiztariaren semea, eta Inghar, Irgula Belezar lurraldeko sorgin jakintsuenaren alaba, eta Aner eta Agostar, haurtzarotik adiskideak, nahigabe gatazka honetan inplikatuko dira, bakoitzak oso bide ezberdinak hartuz, eta bide horiek ezinbestean elkarri laguntzera eramango dituzte.
Las Hijas de Amari gure aroko lehen mendean girotutako fikziozko kontakizuna da, intrigaz, pertsonaia interesgarriz, ekintzaz eta ezusteko biraketaz josia, irakurketa arin bezain zorabiagarria sortzen duena. Eleberri epiko eta zirraragarria, irakurlea hasieratik bukaerara harrapatuko duena.
