Aldaketa klimatikoari aurre egitea helburu
Pasaiako Udalak 'Pasaia berdea martxan da!' komunikazio kanpaina abiatu du, aldaketa klimatikoari aurre egiteko.
Pasaiako Udalak Pasaia berdea martxan da! komunikazio kanpaina abiatu du. Iniziatiba horren helburu nagusiak dira herritarrei udalak 2025ean onartutako Klima eta Energia Plana eta Agenda 2030eko Plan Estrategikoa ezagutaraztea eta herritarrak aldaketa klimatikoari aurre egiteko ekintzetan inplikatzea. Horiek betetzeko, komunikazio kanpainaren barruan zenbait euskarri diseinatu ditu udalak:
- Etxez etxe banatzen ari den eskuorria, Klima eta Energia Planaren ildo nagusiak jasotzen dituena.
- Sare sozialetan argitaratzen ari diren bideoak, hondakinekin, mugikortasunarekin eta energiarekin lotutakoak.
- Webgunean ingurumenari buruzko atala berritu da: bertan aurki daiteke udalak azken urteetan ingurumenaren arloan egindako lan nagusiei buruzko informazioa, eta baita Agenda 2030 eta Klima eta Energia Planari buruzko informazioa zehatzagoa; dokumentu horiek deskargatzeko aukera ere badago. Era berean, beste zenbait gairen inguruko informazio zehatza eta eguneratua jasotzen da; hondakinak, zarata eta Pasaiako naturaguneak, esaterako.
Klima eta Energia Plana idazteko prozesua 2021ean hasi zuen udalak, eta prozesuan hainbat parte hartze saio egin ziren. Agenda 2030aren kasuan, 2019an idatzitako Agenda 21ean oinarritutako plana Agenda 2030era egokitu dela jakinarazi du udalak.
Bi plan horietan hainbat gairi buruzko udalaren ibilbide orria jaso da. Plan horiek aurkezteko saioak antolatu beharrean, udalari egokiagoa iruditu zaio komunikazio kanpaina baten bidez herritarrei gako nagusiak ezagutaraztea.
Bide horretan, etorkizunean udalak herritarren inplikazioa eskatuko du hainbat prozesutan. Hilaren 19an eta martxoaren 5ean eta 26an, esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundiak Energia Komunitateak sortzeko prozesuaren inguruko informazioa eta laguntza teknikoa eskainiko ditu San Pedroko Udal Aretoko erakusketa gelan egingo diren lan saioetan, 18:00etan.
Honakoa esan du Iraitz Pazos Ingurumen zinegotziak abiatutako kanpainaren inguruan: “Agerikoa da klima larrialdia bertan dugula eta denon ardura da horri aurre egiteko edo, behintzat, datorkigunari egokitzeko neurriak hartzea. Udalak azken urteotan ingurumenarekin lotutako egitasmoak areagotu ditu, udalek ardura handia dutelako herritarren heziketan, herritarrengandik gertuen dagoen administrazioa izanik. Edozein kasutan, ezin dugu ahaztu: denon ardurak dira klima larrialdiari aurre egitea eta ingurumen praktika egokiak izatea, eta norberaren ohituretatik eta etxeetatik hasten den lana da”.
