Don Bosco Ibilaldian ariko dira 115 auto klasiko larunbatean
08:30ean hasiko da jardunaldia, Errenteriako Don Bosco zentroko aparkalekuan parte hartuko duten ibilgailuei harrera eginez.
Atzo aurkeztu zuten Don Bosco Ibilaldiaren hamaseigarrena izango dena.Don Bosco Don Bosco Ibilaldia egingo dute larunbatean hamaseigarrenez, Gipuzkoa eta Nafarroako errepideetan barrena. 115 auto klasikok hartuko dute parte, eta 08:30ean hasiko da jardunaldia, Errenteriako Don Bosco zentroko aparkalekuan parte hartuko duten ibilgailuei harrera eginez. Lehen parte hartzailea 11:00etan abiatuko da, eta ordura arte izango dira ikusgai ibilgailu guztiak.
Parte hartzeari erreparatuta, berriro gelditu da nabarmen ibilaldiak pizten duen ikusmina, erraz gainditu direlako eskuragarri jartzen dituzten plazak: “Ibilaldian parte hartu nahi duen orori eman nahi diogu lekua, hala ere, logistika, antolaketa eta edukiera arrazoiengatik, eskainitako plazak mugatu behar ditugu”, azaldu dute antolatzaileek.
Aurreko urteetan bezala, aurten ere, bi modalitatetan banatuta ariko dira, rally eta paseoan, eta 91,12 eta 85,83 kilometro egin beharko dituzte, hurrenez hurren. Lanbide heziketa ikastetxe publikoak eta RACVN Real Automovil Club Vasco Navarrok antolatu dute auto klasikoen ibilaldi hori. 11:00etan Don Boscotik abiatu eta 13:35ean helduko da helmugara lehen ibilgailua; Hernaniko Jauregi jatetxean bukatuko da, eta parte hartzaileek eta antolatzaileek elkarrekin bazkalduko dute sariak banatu aurretik.
Auto klasikoen zaleek aukera paregabea izango dute hitzorduarekin bat egin duten ibilgailuekin gozatzeko; 56 rallye kategorian ariko dira eta 59 paseo moduan. 00 autoaz gain —Ari Vatan rallyetako pilotu mitikoaren sinadura duen Peugeot 205 GTI bat—, 1950. hamarkadan matrikulatutako auto bat, 1960 hamarkadako hiru, 1970. hamarkadako 34, 1980. hamarkadako 48, eta 1990. hamarkadako 29 ariko dira ibilaldian larunbatean. Ibilgailu sorta zabala eta askotarikoa, klasiko ezagunetatik hasita: Seat 600, 850, 127, 124, 1430; Renault 4L, R8 eta R5; Cintroen 2CV eta DS Tiburon; edota miniak. 1969ko Opel GT bat izango da parte hartzaileen artean, 1980ko hamarkadako kiroletakoak, hala nola Ford Capri eta Opel Manta, Ford Sierra Cosworth, Renault 5 GT turbo eta BMW M3 boteretsuak ahaztu gabe, beste askoren artean.
Edizio honetan autorik zaharrena 1957koa da. 1957ko Volkswagen Escarabajo (Beetle) bat da.
Don Bosco Ibilaldia garatzeko, taldeak antolakuntzako hainbat ibilgailu izango ditu (Volvo eta Lynk & Co, azken belaunaldikoak), Auto Suedia Taldeak utzitakoak, bai eta RACVNren furgoneta ere. Erakundeak 50 pertsona baino gehiagoko giza taldea du. Horiei garabia, Lagunak Tailerren asistentzia eta DYAren laguntza medikoa gehituko zaizkie.
Ekitaldiaren kartel ofiziala aurten ere Ceinpro Donostiako prestakuntza zentroarenkin lankidetzan egin dutela azaldu dute antolatzaileek. Zehazki, Maia Rodelgo ikaslearen kartela izan da irabazlea. Don Bosco eta Ceinpro 2013az geroztik ari dira elkarlanean ibilaldiaren harira
Ibilaldiaz gain erakusketa ere antolatu du Don Boscok larunbaterako. Automobilen erakusketa tematikoak egin izan ditu azken ekiutaldietan, eta aurten Porsche Alemaniako fabrikatzailearen hainbat ibilgailu deportibo izango dira. Ibilgailuekin batera, CEINPROko ikasleen ohiko kartelen erakusketa, Natxo Barralen motozikleten erakusketa, photocall eta sinadura liburua eta Don Boscoren Mugikortasun departamentuko ikasle eta irakasleek egindako txosna bat egongo dira. Gainera, iaz Don Bosco Ibilaldian lehen aldiz parte hartu zuen Gipuzkoako Autobusaren Lagunen Elkarteak (AGABUS) esperientzia errepikatuko du. Ekitaldiaren egunean, Don Boscon erakutsiko dute beren ibilgailu historiko berezia, Mercedes hiri autobus bat, laurogeiko hamarkadaren bukaerako 12 metroko ibilgailua. Donostiako Tranbia Konpainian (DBUS) zerbitzua eman zuen. Ateak irekita izango ditu, nahi duen oro bertara igo dadin, eta AGABUSeko bazkideek ibilgailuaren eta bere elkartearen ezaugarriak eta historia azalduko dituzte. Era berean, ibilaldian parte hartzen duten ibilgailuak ibilbidea osatzen ari direnean, autobusa ibilbidearen igarotze kontrol batean egongo da.
