Ekarpenak eginda, onartu egin du Hirigintza Aholku Kontseiluak HAPOaren berrikuspen proposamena
Urtarrilean zehar, Hirigintza Plangintzaren Aholku Kontseiluak bi bilera egin ditu Udal Gobernuak Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrikusteko aurkeztu duen proposamena ezagutu eta aztertzeko.
Bazterretako baten irudia.Herri Bizia Urtarrilean zehar, Hirigintza Plangintzaren Aholku Kontseiluak bi bilera egin ditu Udal Gobernuak Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrikusteko aurkeztu duen proposamena ezagutu eta aztertzeko. Lehen bileran, udal ordezkariek eta HAPO berria idazteaz arduratzen ari diren taldeko kideek, plangintza berriaren oinarri nagusiak azaldu zizkieten batzordeko parte hartzaileei. Bigarrenean, berriz, batzordeak proposamena eztabaidatu eta haren gaineko jarrera finkatu zuen.
Hirigintza Plangintzaren Aholku Kontseilua gobernu taldearen proposamenaren alde agertu bazen ere, eztabaidan parte hartu zuten pertsonek hainbat proposamen egin zituzten ekipamendu publikoei, etxebizitza publikoaren izaerari, hiri eremuaren kohesioari eta konexioei, eta toponimiari buruz, besteak beste. Proposamen eta ekarpen guztiak txosten batean jasoko direla jakinarazi du udalak, prozesuan kontuan har daitezen.
Aipatutako bileretan, 15 eragile baino gehiagok hartu dute parte, horietako askok bi ordezkari izan dituzte, alde batetik auzo elkarteak, eta bestetik, sektorekako elkarteak —merkataritza, ingurumen, kirol eta kultura arloetakoak—, Berdintasuneko, Ingurumeneko eta Hirigintzako udal aholkularitza kontseiluetako ordezkariak, eta osoko bilkuran ordezkaritza duten alderdi politikoak.
Aholku kontseiluan egindako lana eta haren ebazpena “mugarri garrantzitsua” dira udalak adierazitakoaren arabera planaren berrikuspen prozesuan, eta horrek bidea zabaldu die onarpen planean jasotako ondorengo urratsei.
Onartutako ildo estrategikoak
2022an Errenteriako Udalak HAPOaren helburuak eta irizpideak berresteko dokumentua onartu zuen, “garatutako parte hartze prozesu zabalaren emaitza izan da hori”. Dokumentu hori oinarri hartu da orain onartzekoa den proposamena egiteko.
Bere aldetik, Aholku Batzordeak aldeko iritzia eman die proposamenaren oinarri diren ildo estrategiko nagusiei. Ondokoak dira ildo horiek: Hirigunearen antolaketari eta birgaitzeari jarraipena ematea, motorizatua ez den mugikortasuna eta irisgarritasun unibertsala bultzatuz. Auzoetan Auzo bihotzak eta espazio libreen sare zabala finkatuz edo ekipamendu berriak eraikitzeko guneak aurreikusiz; Indarrean dagoen Plan orokorrean aurreikusitako hiri-azalera urbanizagarria %6 murriztea, udalerriaren beharrei erantzunez eta 15 urteko epean. Gutxi gorabehera 1.800 etxebizitza berri eraikitzeko espazioa antolatzea; horietatik %64 babes publikokoak izanik. Udalerria bizitegi-merkatu tentsionatuko gune gisa deklaratu izanari erantzunez.
Jarduera ekonomiko berrietarako lurzorua antolatzea, 100.000 metro koadro inguruko azalera aurreikusiz eta, aldi berean, aurretiaz zegoen espazio industrialaren birgaitzea ahalbidetuz. Landa-ingurunea antolatzea, alde batetik, Zamalbide eta Tolareko bi nukleo berri sortuz, beharrezko diren ur-hornidura eta saneamenduko hiri-zerbitzuak izan ditzaten. Bestetik, landa-inguruan ere, lehen sektorea ezartzeko eta garatzeko baldintzak arautu eta bultzatzea; Aiako Harria eta Lau Haizeta artean korridore ekologiko definitzea; eta 4 jolas-eremu finkatzea.
Adif-ek eta ETSk proposatzen dituzten trenbide berrien integrazioa ahalbidetzea. Energia berriztagarri fotovoltaikoen ezarpen berria aurreikustea, ingurumen hobekuntzarako guneetan, San Markoseko zabortegi zaharrean kasu. Plangintzan ingurumenaren, klimaren, paisaiaren, hizkuntzaren eta osasunaren ikuspegiak txertatzea, baita berdintasunaren, lurralde-antolamenduaren, irisgarritasun unibertsalaren, gizarte-kohesioaren eta energia-eraginkortasunaren zeharkako ikuspegiak ere. Eta, azkenik, udalerria metropoli eremuko hiri jarraian integratzea, eta Errenteria-Oreretak Oarsoaldeko hiri eta eskualde buru gisa duen zeregina indartzea.
Hurrengo pausoak
Batzordean egindako lanetik abiatuta, eta aurreikusitako HAPOaren berrikuspena onartzeko planari jarraituz, hurrengo urratsa proposamena hilabete honetako udalbatzan lantzea izango da, hasierako onarpena emateko. Horrez gain, HAPOaren onarpen prozesuak baduela dimentsio sozial eta publiko bat ere azaldu du udalak. Horretarako hainbat ekimen aurreikusi dira, besteak beste: Xenpelar Etxean erakusketa eta bisita gidatuak egingo dira, martxoa-apirila bitartean. Lan-saio espezifikoak ere ari da antolatzen udala, interes talde desberdinekin. Besteak beste, aurreikusita dago enpresei zuzendutako lan-saio bat lur industrialari dagokionez, HAPO berriaren berritasunak zein diren azaltzeko. Baita, landa eremuari zuzendutakoa ere.
Era berean, HAPOaren dokumentazioa kontsultagai egongo da 45 egunez, udalbatzan hasierako onarpena eman ondoren. Epe horretan, ekarpenak eta alegazioak egiteko aukera ere izango da.
